NAIZ.INFO
IRUN

Hiru gizon atxilotu dituzte, euren bikotekideei eraso egitea egotzita

31 eta 33 urteko bi gizonezko atxilotu ditu Ertzaintzak Irunen, ustez euren bikotekideei eraso egitea egotzita, Lakuako Segurtasun Sailak aditzera eman duenaren arabera. Gasteizen hirugarren lagun bat hartu dute atxilo.

Lakuako Segurtasun Sailak aditzera eman duenaren arabera, bi gizonezko atxilotu dituzte bart Irunen, euren bikotekideei eraso egin dietelakoan.

Lehenengo gertaera igande goizaldian jazo zen. Hainbat testiguk emakume bat lasterka ikusi zuten, auto bat bere atzetik zuela. Pertsona hauek emakumea euren autoan sartu zuten eta bere bikotekideak jarraitzen zuela ikusita, Hondarrabia aldera jo zuten. Jazarlea atzean utzi ostean, Ertzaintzari eman zioten gertatutakoaren berri.

Ustezko erasotzailea bere aurkeztu zen Ertzaintzaren komisarian arratsaldean, non errua bere gain hartu eta atxilotua izan zen.

Bestalde, atzo arratsaldean 33 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak, ustez bere bikotekidea kolpatu zuelakoan.

Bien arteko eztabaida baten ostean, emakumeak Polizia Nazionalaren egoitzan salaketa jarri zuen eta honek Ertzaintzari eman zion parte. Jazotakoa aztertu ondoren, ustezko erasotzailea atxilotu zuten.

Beste alde batetik, Gasteizko Udaltzaingoak berri eman duenez, 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuten ostiralean, emazteari tratu txarrak eman eta autoan alde egin zuenean beste ibilgailu baten aurka talka egin zuelako.