NAIZ.INFO
BILBO

Elurra, protagonista gaurkoan ere

Elurra protagonista izango da gaurkoan ere Euskal Herrian, txoko ugari zuritzen ari baita, batez ere barnealdean, eta ezbehar larririk jazo ez den arren, arazo handiak eragin ditu errepideetan.

Elurra dela-eta, arretaz gidatzeko deia egin dute. (ARGAZKI PRESS)
Elurra dela-eta, arretaz gidatzeko deia egin dute. (ARGAZKI PRESS)

Asteburuko joerak jarraipena izango du gaurkoan ere Euskal Herrian, eta elurra izango da protagonista nagusi.

Barnealdean batez ere, txoko ugari elurtuta esnatu dira astelehen honetan, Bilbo eta Donostia bera horien artean, eta elur maila baxua izango da, eguneko lehen orduetan batik bat.

Hori dela-eta, Lakuako Segurtasun Sailak eta Pirinio Atlantikoetako prefeturak alerta laranja ezarri dute eta Nafarroan, aldiz, alerta horia.

Eguraldi petralak euskal errepide sarean ere eragina izan du eta istripu ugari gertatzen ari da, nahiz eta ezbehar larririk jazo ez den.

A-8an, Itziar parean, sei autok elkar jo dute goizeko lehen orduaneta bidea ni noranzkoetan itxi dute, baina dagoeneko irekia dago.

Errepide sare nagusia irekita dago, baina Ertzaintzak arretaz gidatzeko deia egin du, batez ere N-I errepidean.

Elurraren ondorioz, hainbat mendate itxi behar izan dituzte: Artikutza, Azkarate, Elgeta, Jaizkibel, Karabeita eta Leintz-Gatzaga, Kanpazar, Sollube, Altube, Urduña, Herrera eta Zaldiaran.

Kurtzetan, Bernedon, Andazaraten, Salinasen eta Bidanian derrigorrezkoak dira kateak. Opakua, Arlaban eta Udonan, automobilei arretaz gidatzeko deia egin diete eta gainerako ibilgailuentzako itxita dago.

Aritxulegi, Erlaitz, Bikoitzgane, Gautzegaraigane eta San Miguel mendateetan, autoek kateak behar dituzte eta kamioientzako itxita dago.

Nafarroan, aldiz, kateak behar dira Isaba eta Aralar inguruan ibiltzeko.

Ipar Euskal Herriari dagokionean, bide nagusiak garbi ageri dira, eta bigarren mailako errepideetan traba gehiago ageri dira.