Naiz.info
Bilbo

Iron Maiden taldeak BECen abiatuko du Europako bira, maiatzaren 27an

‘Maiden England’ bira europarra Barakaldoko BEC aretoan abiatuko du maiatzaren 27an Iron Maiden talde mitikoak. 4.000 lagunen aurrean eskainiko du zuzeneko kontzertua.

Iron Maiden, 2007ko ekainean, Bilbao BBK Live jaialdian. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
Iron Maiden, 2007ko ekainean, Bilbao BBK Live jaialdian. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

2007an izan zen azkenekoz Iron Maiden Euskal Herrian, Bilbao BBK Live jaialdian parte hartu zuenean. Orain ‘Maiden England’ birarekin itzuliko da, kasu honetan, Barakaldoko BECera, bere kanturik ezagunenak taularatuko dituen ikuskizun berrian.

Bruce Dickinson taldeko kantaria «hunkituta» agertu da BECen abiatuko dutelako Europako bira, eta 1988an egin zuten ‘Maiden England’ bira hura hobetzea lortu dutela nabarmendu du, teknologiaren berrikuntzei esker. «Argiztapen diseinu berria, piroteknia eta hainbat sorpresa eramango ditugu geurekin», esan du.

Iron Maiden rock talderik garrantzitsuenetakotzat jotzen da. 90 milioi disko baino gehiago saldu dituzte munduan zehar, 2.000 kontzertutik gora eskaini 58 herrialdetan eta 15 estudioko disko kaleratu dituzte, azkena 2010ean, ‘The Final Frontier’ izenburupean.

Talde mitiko honekin batera, kontzertu berean izango dira Voodoo Six, Londresen sortutako rock klasikoko taldea.

Emanaldirako sarrerak hurrengo asteazkenean jarriko dira salgai, goizeko 10.00etan, 52 eurotako prezioan (+ 6 euro gastuetan).

Astelehenean, bestalde, http://ironmaiden.janto.es/ web orrialdean aurretiaz jarriko dira sarrerak salgai Iron Maidenen zaletuen klubeko kide direnentzat.