@iraiaoiarzabal
DONOSTIA

Lakuak ezarritako murrizketen aurrean kalean izango dira Osakidetzako langileak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Osakidetzako langileek osasungintza publikoan ematen ari diren murrizketak salatu dituzte eta «eraso» orori erantzueko kalean izango direla adierazi dute. Ez dute baztertzen grebara joateko aukera.

Donostia Ospitalearen aurrean egin dute agerraldia. (<a href="https://twitter.com/iraiaoiarzabal"   target="_blank">@iraiaoiarzabal</a>)
Donostia Ospitalearen aurrean egin dute agerraldia. (@iraiaoiarzabal)

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Osakidetzako langileek agerraldia egin dute Donostia Ospitalean osasungintza publikoan ematen ari diren murrizketak salatu eta «eraso» orori erantzueko kalean izango direla adierazteko. Ildo horretan, ez dute baztertzen grebara joateko aukera.

Langileen ordezkariek azaldu dutenez, Lakuako Gobernuak onartutako lanaldiaren luzapenak ondorio zuzenak izango ditu langileengan, eta Josu Erkorekak «efekto kolateralak» aipatu izana salatu dute. Ondorio horiek «izen eta abizenak» dituztela baieztatu dute. Zehazki 4.000 eta 5.000 arteko behin-behineko langileen postuak arriskuan daudela ohartarazi dute.

Bestalde, Lakuako Gobernuak negoziaketetan hartutako jarrera gaitzetsi dute, guztia «itxurakeria» izan dela salatuz. «Egunean bost minutuko jardunaldi igoera dela esaten dute, baina egia beste bat da», adierazi dute. Horrela, azken hiru urteetan soldata %20 baino gehiago jaitsi dietela eta norberaren eginkizunetarako egunak eta antzinatasun egunak kendu dizkietela jakinarazi dute. Hortaz, berriki onartutako jardunaldi igoera, beste «eraso» bat delakoan daude.

Oraingoz, EAJ, PSE eta EH Bildurekin batzartu dira egoeraz mintzatzeko. Lehenengoak inongo irtenbiderik ez diela eman aipatu dute, «besterik ez dagoela» argudiatuz. PSEk eta EH Bilduk aldiz, euren eskakizunak jaso eta adostasunak adierazi zituzten.

Egoera horren aurrean, euren lanpostuen defentsan mobilizatuko direla jakinarazi dute. Momentuz, ez dute grebarako aukera guztiz baztertzen. Hurrengo protesta martxoaren 12an egingo dute Gasteizko Parlamentuan, gainontzeko langile publikoekin batera.