NAIZ.INFO
BILBO

Figueroaren heriotza «espetxe politika kriminalak» eragin duela salatu du Sortuk

Egun euskal preso politikoei aplikatzen zaien «espetxe politika kriminalak» eta «larriki gaixorik egonda ere jasandako espetxe baldintzek» eragin dute Angel Figueroa preso algortarraren heriotza, Sortuk salatu duenez.

Ohar baten bitartez eginiko aurreneko balorazioan, gogor kritikatu du Sortuk egungo espetxe politika.

Era berean, Sortuk PPren Gobernu espainolaren «ardura» nabarmendu nahi izan du. «Gatazkaren konponbiderako irekitako aukera zapuztu nahi izan du PPk espetxe politika kriminala ardatz nagusi duen blokeo politikaren bidez», arbuiatu du.

Hori dela-eta, ezker abertzalearen alderdiak dei egin die euskal herritarrei eta eragile politiko, sozial zein sindikalei herri mobilizazio eta ahaleginak indartu ditzaten, «konponbide prozesuan aurrera egin, PPren blokeo estrategia gainditu eta etxeratzearen bidean, euskal preso politikoen eskubideak aitortuak eta errespetatuak izan daitezen».

Azkenik, Figueroaren heriotza zein espetxe politika salatzeko deitzen diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du Sortuk.