NAIZ.INFO
GASTEIZ

Oihane Pereak irabazi du Arabako Bertsolari Txapelketa

Oihane Perea eta Manex Agirre pasa dira buruz burukora Gasteizko Principal antzokian jokatu den Arabako Bertsolari Txapelketako finalean eta, azkenean, Pereak jantzi du irabazlearen txapela, hirugarrenez.

Oihane Perea, txapeldunaren agurra kantatzen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Oihane Perea, txapeldunaren agurra kantatzen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Oihane Perea gasteiztarrak Arabako Bertsolari Txapelketa irabazi du eta, hirugarren aldia zuen arren, hunkituta jantzi du txapela.

Arabako bertsolaritzan aitzindari izan zen Abel Enbeitak jantzi dio txapela irabazleari, finala bertatik bertara jarraitzera gerturatu diren 600 lagunen txalo artean.

Honakoa izan da Perearen agurra: «Ekaitz ta Iratxe aipatu gabe / ez naiz joango inola. / Unai ta Oier nere txikiak / a zelako merendola! / Talderik gabe bakarkakoak / ez du gehiegi axola / bonbo soinuak eta zuek jartzen / didazue borborka odola / hau ere bada zuena eta / lautadako bertso-eskola».

Aurreko edizioan txapeldun izan zen Manex Agirreren aurka jokatu du Pereak buruz burukoa.

Horrela gelditu da, beraz, finalaren sailkapena:

- Oihane Perea: 616 puntu.

- Manex Agirre: 606 puntu.

- Iñaki Viñaspre: 411.

- Asier Otamendi: 410.

- Ruben Sanchez: 371.

- Jagoba Apaolaza: 341.