NAIZ.INFO
AZPEITIA

Azpeitiko Corrugados ixteko asmoa adierazi du Gallardo taldeak

Gallardo taldeak Azpeitian Corrugadosek duen lantegia ixteko erabakia hartu duela adierazi dio enpresa batzordeari. Getafen duten lantegiaren aldeko hautua egin du.

Corrugadoseko langileak, enpresaren aurrean, urtarrilean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Corrugadoseko langileak, enpresaren aurrean, urtarrilean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Gallardo taldeko ordezkaria Azpeitiko Corrugadoseko enpresa batzordearekin bildu da gaur eta lantegia ixteko erabakia hartu dutela jakinarazi die, LABek azaldu duenez. Enpresak Getafen duen lantegiaren aldeko hautua egin du.

Itxiera gauzatzeko datozen egunetan enplegu erregulazio espediente bat aurkeztuko du Gallardo taldeak, horixe esan die langileen ordezkariei.

Enpresa batzordeak agerraldia egingo du ostiral honetan, egoeraren azterketa egiteko.

Corrugadoseko langileek greba mugagabea hasi zuten, kopainiak 60 langile kaleratzeko espedientea aurkeztu zuela-eta. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zituen kaleratzeak abenduaren 12an.

Hainbat hilabete greban igaro ostean, urtarrilaren 4an utzi zuten protesta bertan behera, negoziaketei bidea zabaltzeko asmoz. Urtarrilaren 28an lanera itzuli ziren baina ordurarte oporretan egon ziren, enpresak hala behartuta.