Naiz.info
Iruñea

Aberri Eguna «jendetsua, arrakastatsua eta ederra» izan zela dio Independentistak Sareak

Sarearen arabera, «independentzia eguronoko arazoen konponbiderako oinarria da» eta mezu hori mugarri bilakatu dela iritzi dio, abertzalegotik harago doan aukera baita, beraien ustez.

«Oso jendetsua, arrakastatsua eta ederra» izan zen, Independentistak Sarearen arabera, igandean Iruñean ospatutako Aberri Eguna. «Familia politiko guztietako independentistak, aniztasunean, denok batera erakutsi genuen Euskal Herriaren eguna dela Aberri Eguna, eta ez alderdien eguna», esan dute.

Xabier Lopez Peñaren heriotzaren «gertakizun dramatikoak» markatutako jardunaldia izan zela gogorarazi ostean, ideia nagusi bat azpimarratu dute prentsa ohar bidez. «Independentzia eguronoko arazoen konponbiderako oinarria da» eta mezua herritarrek «oso ondo ulertu» dutela iritzi diote. «Iruñeko kaleak bete zituen jendetzak argi erakutsi zuen egoera ekonomiko eta sozial larriaren aurrean gero eta gehiago garela garbi ikusten dugunok hondamenera eraman gaituztenek ez gaituztela zulotik aterako», esan dute.

Ildo horretatik, independentziarako aukera abertzalegotik harago doala nabarmendu dute eta alternatiba gisa kokatu. «Independentzia jada ez da soilik abertzaleen eskaera, harago doa eta oraindik harago eraman behar dugu. Independentzia etorkizunerako alternatibarik onena delako herritar guztiontzat, abertzale izan edo ez izan».

Independentziaren aldeko «auzolan erraldoian» parte hartzeko deia luzatu dute Saretik.