NAIZ.INFO
IRUÑEA

Protesta sozialen aurka poliziak erabiltzen duen «errepresioa» salatu dute Iruñean

Bilbo, Bartzelona eta Iruñeako hainbat elkartek bat egin dute protesta sozialen aurka poliziak erabiltzen duen «errepresioaren» aurka. Irailaren 26ko greba orokorrean jasotako pilotakada batek Aingeru Zudaire gazetari begi bateko ikusmena galtzea eragin ziola ere salatu dute.

Iruñeako Sarasate pasealekuan eman duten prentsaurrekoa. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Iruñeako Sarasate pasealekuan eman duten prentsaurrekoa. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Nafarroako Grebalarien Kolektiboak, Iñigo Gogoan plataformako kide eta gomazko piloten erabilpenaren aurka aritzen den Bartzelonako plataformako beste batekin batera prentsaurrekoa eskaini du Aingeru Zudaire gazteak irailaren 26ko greba orokorrean jaso zuen pilotakada baten ondorioz ikusmena galdu duela salatzeko.

Gogorarazi dutenez, egun hartan, Polizia Foralaren jarrera «arduragabea» tarteko, 15.000 pertsonako manifestazio baten aurka jo zuen Polizia Nazional espainolak. Karga hartan jaso zuen Zudaire gazteak pilotakada bat begian, ikusmena galtzea eragin diona.

Estatu espainiarrak Nafarroan duen ordezkaritzak eta Yolanda Barcinak gaztearen egoeraren inguruan «inolako» interesik ez dutela salatu dute.

Era berean, egun berean pikete informatiboetan parte hartzeagatik «lanerako eskubidea» urratu izanana egotzita epaituak izango diren bost pertsonen egoera salatu du Grebalarien Kolektiboak. «56.000 langabe dituen herrialde batean sarkasmo hutsa da akusazio hori», gaineratu du. Lau urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzak eurentzat.

«Protesta sozialen aurka erabiltzen duten errepresioa salatu, Aingeru Zudaire gaztearen egoera dela eta erantzunkizunak eskatu eta berriro gerta ez dadin aldarrikatzeko», ekitaldi sorta antolatu dute larunbat honetarako Atarrabian.

Ildo beretik, pikete informatiboen parte hartzeagatik auziperatuta daudenen absoluzioa eskatzeko, manifestaioa antolatu dute datorres astearterako, apirialak 19, 20.30etan Gaztelu plazatik abiatuta.

Atarrabiako Udala ere gomazko piloten aurka

Pasa den asteazkenean Atarrabiako Udalean aurkeztu zuten mozioa hartuta, Udaleko hainbat ordezkari, alkatea buru zutela, Estatu espainiarrak Nafarroan duen ordezkaritzara eta Arartekora joan dira, gomazko piloten aurkako jarrera erakustera.

Aingeru Zudaire gazteari elkartasuna erakusteko baliatu dute ekimena eta gertatutakoa ikertzeko eta ardura politikoak norenak diren argitzeko ere eskatu dute.