@iontelleria
Donostia

Ainhoa Etxaide: «Eskubideen errespetua aro berriaren ezaugarri nagusia izan behar da»

Gipuzkoako batzarra egin duten LAB sindikatuko ordezkarien babesa izan dute gaur Donostiako zortzi gazte zigortuek. Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak Espainiako eta Frantziako gobernuei «behingoz» eskubide zibilen alde «benetako erabakiak» hartzeko eskatu die. Eskubideen errespetua Euskal Herrian ireki den garai berriaren ezaugarri nagusia izan behar dela aldarrikatu du.

Ainhoa Etxaide gaur goizean Aitor Olaizola eta Egoi Alberdi gazte zigortuekin. (ARGAZKI PRESS)
Ainhoa Etxaide gaur goizean Aitor Olaizola eta Egoi Alberdi gazte zigortuekin. (ARGAZKI PRESS)

Aske Gunea abiatu zenetik elgarretaratze jendetsuenetakoa izan da gaur eguerdikoa Donostian. LABen Gipuzkoako ordezkarien batzarra izan da eta ondorengo manfiestazioa Bulebarrean hasi eta bukatu dute, zortzi gazte independentista zigortuen defentsan ziren herritarren txalo artean. Elkarri egin diete txalo azkenean eta ‘Borroka da bide bakarra’ oihukatu dute denek.

Kontzentrazioaren ostean, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak hartu du hitza gazte zigortuei babesa adieraztera gerturatu diren LAB, ESK, STEE-EILAS eta CNT sindikatuen izenean. Atxilotzekotan diren zortziei ez ezik, espetxean direnei ere babesa adierazi die eta segidan lehen mezua Espainiako eta Frantziako gobernuei, «eskubide zibilen alde behingoz benetako erabakiak har ditzaten». Euskal Herrian ireki den aro berriaren ezaugarri nagusia eskubide zibilen errespetua izan behar dela adierazi du eta sindikatuek lantokiz lantoki borrokatuko dutela hori.

Amaieran Ernai gazte antolakundearen sorrera eta Gazte Danbada jaialdia ere mintzagai izan ditu Etxaidek. Jaiotza bera zoriondu ostean, gazteriak askapen prozesuetan duen garrantzia azpimarratu du LABeko idazkari nagusiak, «luzeak diren borrokek aurrera egiten dute soilik gazteriak askatasunarekin bat egiten duenean». Interpelazio zuzena ere bai bertan ziren gazteei: «izan zaitezte euren amesgaiztoa, gazte kontrolatuak nahi dituztenen amesgaiztoa». 

LABeko ordezkarien martxak Aske Gunearen kontzentrazioarekin bat egin duenean bateko eta besteko ordezkari politiko ugari batu dira mobilizaziora. Bertan ziren, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatua, Iñaki Errazkin, eta Migrazio eta Aniztasun zuzendaria, Markos Nanklares; Idoia Ormazabal Gipuzkoako Batzar Nagusietako Bilduren bozeramalea eta Ibai Iriarte Tolosako alkatea.

Arzuaga: «Garai berrietara egokitzeko Espainiako Estatuaren ezintasuna tamalgarria da»

Julen Arzuaga EH Bilduren Gasteizko parlamentaria ere Aske Gunean izan da. Kontzentrazio ostean, ‘La maza y la cantera’ bere liburuaren inguruko hitzaldia eskaini du. Aurrez, NAIZi egindako adierazpenetan Espainiako Estatuak garai berrietara egokitzeko duen ezintasuna «tamalgarria» dela esan du. 2010ean argitaratutako liburuan gazteria independentistaren aurka izandako polizia jazarpena jaso zuen Arzuagak, abiapuntua orain 30 urte inguruan kokatuz. Bere esanetan «tamalgarriena da pentsatzea, gaur egun gauzak nola aldatu diren eta nola garai bateko funtzionamoldeak bere horretan mantentzen diren».

Sahara, ikastolak eta Bide Ertzean

Arzuagaren hitzaldia gaurko egitarauaren parte da. Aurrez Saharako egoeraren inguruko dokumentala izan da eta bazkalostean ikastolen sorreraren inguruko mahai ingurua antolatu dute. Arratsaldeko seietan, berriz, Bide Ertzean taldearen emanaldia izango da Aske Gunean. Goizeko mobilizazioaren ostean, bertaratzeko deia berretsi dute antolatzaileek, «hau ez da hemen bukatu, gero eta jende gehiago etorri behar da hona», esan dute Bulebarreko kioskotik.