NAIZ.INFO
IRUÑEA

Zentsura mozioa defendatzea «ohorea» dela esan du Bilduk

Yolanda Barcinaren aurkako zentsura mozioa defendatzea «ohorea» dela nabarmendu du Bilduko Bakartxo Ruizek, Legebiltzarrean egiten ari diren eztabaidan. «Ongi pentsatutako erabakia, logikoa eta justifikagarria» dela defendatu du.

Yolanda Barcina Bakartxo Ruizi begira, honen hitzaldian. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Yolanda Barcina Bakartxo Ruizi begira, honen hitzaldian. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Aralar-NaBaik eta Bilduk Yolanda Barcinaren aurka aurkeztu duten zentsura mozioaren eztabaida saioa Bakartxo Ruizen hitzaldiarekin hasi da. Mozioa defendatzea «ohorea» dela esan du, «ongi pentsatutako erabakia» izan dela, «ausarta, logikoa eta justifikagarria».

Mozioa aurkezteko arrazoien artean «egoera ekonomikoari aurre egiteko ezintasuna eta ezgaitasuna», «demokrazia aintzat ez hartzea» eta »Parlamentuak eta jendarteak eskatzen duenari muzin egitea» aipatu ditu, baita «inguruan dugun iruzur usaina» ere.

UPNren Gobernuak ekonomia alorrean hartu dituen erabakien ondorio «kaltegarriak eta latzak» aipatu ditu jarraian, politika eta zerbitzu sozialen murrizketa, osasungintza publikoaren «kontrako» neurriak, zerbitzuen pribatizazioa...

Caja Navarraren auziari dagokionez, «UPNren kudeaketaren eredu paradigmatikoa» dela esan du. Aurrezki kutxaren desagertzearen «ardura osoa» leporatu dio Barcinaren Gobernuari, eta dieten auziarekin «iruzurraren susmoak» Nafarroako politikagintzatik ez direla desagertu nabarmendu du. Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, «Nafarroako gizarteari eta inteligentziari irain» egin diote UPNko agintariek.

Ildo horretan, «oso larritzat» eta «onartezintzat» jo du Iruñeko alkatea, Miguel Sanz eta Alvaro Miranda auzipetuak egotea, eta Barcinak, berriz, «botereari eustea, forupeko izaera ez galtzeko eta auzipetua ez izateko».

«Parlamentu honek eskatu zizun konfiantza mozioa aurkezteko, baina jaramonik ez. Parlamentu honek ere zure dimisioa eskatu du, baina jaramonik ez. Kalean Gobernuaren dimisioa eta hauteskundeak deitzeko deia gero eta zabalagoa bada ere, jaramonik ez. Nola edo hala Gobernuan jarraitu nahi duzu, aulkiari ongi helduta», egotzi dio.

Ruizek esan duenez, zentsura mozioak aurrera egiten ez badu ere, lanean jarraituko dute «Nafarroan aro berri bat eraikitzeko asmoz. «Badakigu, eta zuek ere badakizue, gaur ez dela ezer amaituko. Badakizue gehiengo berriak sendotzen jarraituko dugula, amore eman gabe. Ez gaude ohituta erresignazioan bizitzen, eta ez gaude prest Nafarroako jendarteari erresignazioz bizi dadin eskatzeko», amaitu du.