Ipar Euskal Herriko ahotsa entzun dezala galdegin diote 500 eragilek Gobernu frantsesari

Lurralde Elkargoaren alde ekainaren 1eko manifestaldiari bidea irekitzen dion mintegiak 500 gizarte eragile eta ordezkari politiko bildu ditu Baionako unibertsitatean gaur arratsaldean. Lurralde Elkargoa sortzearen garrantzia eta beharra azpimarratu dute, eta Gobernu frantsesari Ipar Euskal Herriko «boza entzutea» exijitu diote manifestu batean.

Ainize Butron|Baiona|2013/04/27 17:52|Iruzkin 1
Guz_collectivite120
Ipar Euskal Herriko ahotsa entzun dezala eskatu dute Baionan 500 eragilek. (Bob EDME)

«Kartak mahai gainean daude, proiektua argia da. Eta gaur egun sekula baino gehiago, bere tokia badu pakto errepublikanoan, herritartasun biziaren eraikitzean urrats berri bat ematen ahalbidetzen baitu», azpimarratu dute manifestuan.

Bildutako eragileek nahi amankomuna agertu dute: Euskal Herriak kohesio soziala garatzea, eremu urbano eta baserritarrak uztartzea, ekonomia eta lana sustatzea, tokiko egin-moldeak balioestea, sorkuntza bultzatzea, antolaketa kontrolatua ukaitea eta beste lurraldeei, Europari eta Munduari irekitzea.

«Lurralde kolektibitateak departamendua ordezkatzen du haren eskumenak hartuz eta Eskualdearen eta Estatuaren beste eskumen batzuk mutualizatzen ditu, lurralde honen lehentasun eta beharretan ahal bezain ongi eragiteko», adierazi dute.

«Euskal Herria prest da», ohartarazi dute. «Gobernuarekin eta haren Parlamentuarekin eztabaidatu nahi du, bere gero instituzionala Errepublikaren legean sartua izan dadin»-

Exekutibo frantsesari deia zabaltzeaz gain, herritarrak, azkarki, ekainaren 1eko manifestaldira mobilizatzera deitu dituzte, Ipar Euskal Herriaren borondatea entzunarazteko.

Ordezkari politiko zabala izan da mintegian. Alain Lamassoure eurodiputatuarekin, Sortuko Xabi Larralde eta Maite Ubiria, Abertzaleen Batasuneko Jakes Bortahiru, Frédérique Espagnac senataria eta Sylviane Alaux diputatu sozialistak, Michel Veunac zentrista, Max Brisson UMPko eskuinekoa elkartu dira besteak beste.

Horiekin, Ipar Euskal Herriko hainbat herrietako auzapezak eta hautetsiak agertu dira ere, horien artean Hiriburuko Alain Iriart, Izurako Daniel Olzomendi edo Mauleko Michel Etxebeste auzapezak ikusi dira.

Frédérique Espagnac senatari eta PSko bozeramaileak esan du Lurralde Elkargoa «posible» dela, «baina denbora hartuko du». Gaur proposatua den lege proiektuan «emendakinak egitea posible da. Marylise Lebranchu minsitroa posible diren aukeren inguruan lanean ari da. Baina, izanen den kolektibitate kuadroa ez da itxaroten duzuena», abisatu du.