NAIZ.INFO
HERNANI

Larri gaixo dauden presoak dituzten herrietako alkateek batzordea osatu dute

Hernani, Arbizu, Agurain, Errenteria, Lasarte-Oria, Ondarroa eta Larrabetzuko alkateek batzorde bat osatu dute eta elkarrizketa erronda hasiko dute alderdi eta erakundeekin, herri horietakoak diren eta gaixotasun larriak dituzten presoen bizi baldintzak bete daitezen konpromisoak eskatzeko.

Sei alkate izan dira agerraldian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Sei alkate izan dira agerraldian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Gaixotasun larria duten presoak dituzten zazpi herritako alkateak elkartu egin dira eta batzorde bat osatu dute, urtarrilaren 7an Bilbon izan zen manifestazio erraldoiaren ondotik gizartearen gehiengoak presoen eskubideen defentsarekin bat egiten duela egiaztatu dela-eta.

Luis Intxauspe (Hernani), Miren Mendinueta (Arbizu), Julen Mendoza (Errenteria), Pablo Barrio (Lasarte-Oria), Argia Ituarte (Ondarroa) eta Mariasun Gaztelu (Larrabetzu) izan dira taldearen aurkezpenean. Maider Garcia de Vicuña Aguraingo alkatea ere batzordeko kide da, baina ezin izan du prentsaurrekoan egon.

Azaldu dutenez, Xabier Lopez Peñaren eta Anjel Figueroaren heriotzek gaixorik dauden presoen egoera «muturrekoa» dela erakutsi dute. Batzordea osatzea erabaki dute, alkate gisa ardura daukatelako beren herritarren bizi baldintzak bermatuak izan daitezen.

Horregatik, elkarrizketa erronda hasiko dute alderdi politiko eta erakundeetako ordezkariekin, egoeraren inguruan hitz egiteko eta konpromisoak eskatzeko. Azken helburua, gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea.