Alerta etengabean pasa du Ondarroako Aske Guneak laugarren gaua ere

Hiru alditan hartu dute herritarrek Ondarroako zubi harresia Urtza Alkorta babesteko. 2.00ak inguruan izan da lehen alerta, 5.00ak aldean bigarrena eta 7.00etan azkena. Hiruretan polizia inguruan zebilela ikusita osatu da harresia, baina ‘turrune’ ez da aktibatu. 9.00ak aldean berriz agertu dira.

@iontelleria|Ondarroa|2013/05/14 07:44|Iruzkin 1
Bkm8t36ciaaar5m
Zubia hirutan bihurtu dute herritarrek harresi, irudian goizeko zazpietakoa. (@iontelleria)

Ondarroako desobedientzia gunean etenik gabeko alertak jarraitzen du. Laugarren gaua ere begi bat zabalik, edo biak askoren kasuan, pasa dute bertaratutako herritarrek. Hiru alditan Poliziaren auto edo furgonetaren bat inguratu da Urtza Alkorta babesten duen herri harresiaren ingurura, eta hirutan zubia hartu dute herritarrek bera babesteko.

2.00ak aldean izan da gau hotz honetako lehen alerta. Poliziaren autoak inguruan zebiltzala ikusita, ahoz aho, ‘turrune’ jo gabe, zubira igo dira herritarrak. Ertzaintzaren 4x4 erako auto bat pasa da zubi albotik, baina laister alde egin du.

Bezperan baino jende dezente gehiago izan da gau honetan Ondarroako Aske Gunean. Oihaletxeak zubiaren bi aldeetara jarri dituzte eta jende askok plazan bertan pasa du gau osoa. 5.00ak aldean bigarren alerta. Mutriku aldetik Poliziaren bi furgoneta. Instante batean zubi bete herritar berriz, Urtza Alkorta erdian eta zubia lepo beteta. Aurrekoen moduan, Poliziak itzulia eman eta alde egin du, harresia desegin egin da.

7.00etarako gutxi falta zenean jo du ‘turrune’-k, baina hiru aldiz. Antxoa sartu da Ondarroan. Eguneroko moduan, nerbioak airean eta jendeak alarma zelakoan zubirantz jo du. Hori gezurtatu, arrainaren deia zela argitu eta gutxira Ertzaintzaren furgoneta bat gaztetxe parean, desobedientzia gunetik metro gutxira. Berriz zubira igo da Urtza Alkorta, eta herri harresia berarekin.

9.00ak inguruan berriz agertu dira ertzainak. Kasu honetan Berriatua aldetik iritsi dira furgoneta eta 4x4 ibilgailu bat. Itzul ingurua egin eta alde egin dute, berriz.

Etenik gabeko alertan dira adin guztietako ondarroarrak, eta herri harresiaren inguruan ondarroar bihurtu direnak, hogeita lau orduz. Sarean ere asko dira, esnatu eta lehen gauza Ondarroan gertatzen denaren inguruko azken ordua begiratzea egiten dutenak; Euskal Herrian eta kanpoan.

Ostiraleko 12.30ak pasatxo agertu zen Urtza Alkorta Ondarroan, espetxeratze agindua ez zuela onartzen esan eta Aske Guneari bide emanez. Gaur, asteartea, 96 ordu irabazi dizkio herri harresiak errepresioari.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK
LOTURAK