Naiz.info
Bilbo

Lhotsera igotzen saiatuko dira Txikon eta Madariaga asteartean

Alex Txikon eta Juanra Madariaga mendizale bizkaitarrek igandean hasiko dute Lhotserako igoera. Munduko laugarren gailurrik handienerako bidea igandean abiatuko dute eta asteartean iristen saiatuko dira.

Txikonen talde laguntzaileak jakinarazi du, bi mendizaleak 6.400 metrotan daudela atseden hartzen, Nuptse, Lhotse eta Everest mendiek elkarbanatzen duten kanpamenduan.

Hirugarren kanpamendutik behera egin behar izan zuen orain gutxi Txikonek, 45 kiloko zama gainean hartuta, Nuptse igo ondoren.

«Ez nuen ezer goian utzi nahi, ez materialik, ez dendarik, ez eta zaborrik ere. Bat ere ez. Mendiak zaindu behar ditugu, gaur inoiz baino gehiago», nabarmendu du lemoaztarrak.

Benantxio Irureta eta Alexei Bolotov mendizaleen heriotzei buruz ere hitz egin du, eta «oraindik hunkituta» dagoela aitortu.

Txikonek berak baieztatu du Madariagarekin batera igandean abiatuko duela Lhotserako igoera Ferran Latorre eta Jorge Salazarrekin batera. «Gure asmoa igandean hirugarren kanpamenduraino igotzea da, astelehenean bigarrenera eta asteartean gailurrera».

Haiekin batera espedizio berean joandako Jose Carlos Tamayo bilbotarra etxera itzuli da belaunean lesioa izan zuelako.