Arantxa Manterola
Baiona

Bake prozesuan ekarpena egiteko aukera eskainiko diote Iheslarien Kolektiboari Biarritzen

Azken berrogeita hamar urteetan iheslariak lagundu dituzten hainbat talde eta norbanakoek ekitaldia antolatu dute ekainaren 15ean Biarritzen. Azaldu dutenez, bake prozesuan «aktiboki» parte hartzeko aukera eskainiko diote bertan Iheslari eta Deportatu Politikoen Kolektiboari.

Baionako katedralean egin dute agerraldia Iheslarien Kolektiboaren aldeko ekitaldiaren berri. (Bob EDME)
Baionako katedralean egin dute agerraldia Iheslarien Kolektiboaren aldeko ekitaldiaren berri. (Bob EDME)

Azken 50 urteetan iheslari politikoei sostengua adierazi dieten eragile eta norbanako andanak agerraldia egin dute gaur goizean Baionako katedralean. Sinbolikoki hautatu dutela tokia agerraldirako azaldu dute, iheslariek hainbatetan itxialdiak egiteko erabili duten gunea izan baita.

Sentsibilitate politiko ezberdinetako hainbat herritar izan dira agerraldian. Bertan izan dira, besteak beste, Erregina Dolosor, Jean Fagoaga, Koko Abeberry, Michel Berger, Laurence Hardouin, Bixente Garcia, Battitta Larazabal, Yvette Debarbieux, Georges Aguerre, Ladix Arrosagarai, Pako Letamendia eta Arantza Arruti. Sostengua eman duten norbanakoen artean Jean Pierre Jeudy, Daniel Cotten eta Charlie Grall bretoiak ere aurkitzen dira.

Guztien izenean, Errejina Dolossor eta Bixente Garciak hartu dute hitza, eta hamarkada hauetan guztietan iheslariek beren ibilbidean jaso duten «herri babesa» gogorarazi dute, hainbat une nabarmenduz. Hala nola, GALek eta aurretik beste talde paramilitarren ekintzak pairatu zituzten garaiak edo gerra zikina amaituta, Estatu frantsesak espultsio, estradizio, konfinamendu eta deportazioei ekin zionean.

«Iheslarien kolektiboa suntsitzeko, lege mailako arau anitz sortu» dituztela gogoratu dute, zerrenda luze horretara azken urteetan gehitutako euroagindua aipatuta. Ildo horretan, eragile, hautetsi, talde politiko eta sozial askotarikoen babesaren beste adibide adierazgarria, –Izpuran euroagindupean zeuden gazteen itxialdia– aipatu dute, gazte horiek beren etxeetan aterbetzeraino iritsi zen babesa, hain zuzen ere.

Aieteko adierazpena eta ETAk jarduera armatua behin betiko bukatzea erabaki ondoren, iheslarien kolektiboko kideek beren herrian libre bizitzeko eskubidea jorratzeko adierazi duten asmoa nabarmendu dute. Ildo horretan, bake prozesuan aktiboki parte hartzeko eskubidea izan behar dutela azpimarratu dute agerraldian eta hitz horiei eutsita, beren «babes osoa» berretsi eta ekainaren 15ean Biarritzen burutuko duten ekimena antolatu dutela adierazi dute.

Azaldu dutenez, 11.30etan burutuko da ekitaldia Miarritzeko Irati erakustazokan eta Iheslari Politikoen kolektiboak gatazkaren konponbidean ekarpen politikoa egiteko aukera izango duela nabarmendu dute. Bazkari herrikoia eta kontzertuak ere antolatu dituzte arratsalderako.