NAIZ.INFO
DONOSTIA

Lakuak ezarritako gutxieneko zerbitzuei helegitea jarriko diote

Lakuako Gobernuak datorren maiatzaren 30eko greba orokorrari begira jarri dituen gutxieneko zerbitzuei helegitea aurkeztuko diotela esan dute LAB eta ELA sindikatuek, «abusiboak eta asko legez kanpokoak direlako».

Gaur eman ditu aditzera Lakuako Gobernuak datorren maiatzaren 30eko greba orokorrari begirako gutxieneko zerbitzuak. «Abusiboak eta zenbait kasutan legez kanpokoak» direla iritzita, aginduari helegitea aurkeztuko diotela aurreratu dute LAB eta ELAk prentsa ohar baten bidez.

Alde batetik, «onartezina» iruditzen zaie sindikatuei hezkuntzan gutxieneko zerbitzuak ezartzea. «Hezkuntza zerbitzu esentzial bat da baina ez da berau urratzen egun bateko grebarekin», arrazoitu dute sindikatuek.

Neurri hauekin Lakuaren nahia hezkuntza eremuan greba «desaktibatzea» dela uste uste dute. «Zalantzarik gabe, irakaskuntzan ezarritako gutxieneko zerbitzu hauek greba orokorrek sektorean duten harrera ezin hobeari egotzi behar zaizkio», gaineratu dute.

Beste alde batetik, gizarte zerbitzuetan «inoiz ezagutu ditugun gutxieneko zerbitzu abusiboenak edo bortitzenak dira hauek», salatu du LAB eta ELAk, «gizarte ekintzan eta etxez-etxeko laguntzan greba eskubidea ia guztiz urratzen baita».

Hala ere, ziur agertu dira sindikatuak zerbitzu publiko guztietan grebak «arrakasta» izango duela eta gutxieneko zerbitzu hauek arrakasta hori ezkutatzeko baino ez direla uste dute.