Naiz.info
Bilbo

Windows 8 eta Office 2013, euskaraz eskuragarri

Windows 8 eta Office 2013ren euskarazko interfaze-paketea dagoeneko doan deskarga daiteke www.microsoft.es/eus eta www.euskadi.net/euskara_soft web orrialdeetan.

Lakuako Gobernuak eta Microsoft konpainiak euskarazko Windows 8 eta Office 2013 tresna berriak aurkeztu dituzte gaur, ‘Bide berriak urratuz teknologien bidez’ izenburupean Bilboko BBK aretoan egindako ekitaldi batean. Lanabes informatiko berriak euskaraz izatea Lakuaren eta Microsoften arteko bi hamarkadako elkarlanaren ondorioa da.

Euskal Herriko etxeko erabiltzaile, profesional, enpresa eta erakundeek dagoeneko doan deskarga dezakete euskarazko interfaze-paketea eta, hala, Microsoften euskarazko bi produktu berritzaileenak erabili ahal izango dira ondorengo esteka hauetan sartuta: www.microsoft.es/eus eta www.euskadi.net/euskara_soft

Lakuako Hizkuntza Politikareko sailburuorde Patxi Baztarrikak adierazi duenez, Gobernu autonomikoak garatzen duen hizkuntza politikaren helburu nagusia euskararen erabilera areagotzea eta sendotzea da, baita IKTetan ere, eta teknologia horiek euskararako baliatzea «oso garrantzitsua» dela iritzi dio.

«Garrantzitsua da, ez teknologia horietan nolabait egotea komenigarria delako, baizik eta nahitaezkoa duelako euskarak teknologia horietaz ere baliatzea. Etengabeko berrikuntzari lotu behar zaio euskara, eta teknologia nagusi duen gizarte honetan berrikuntzaren uretan ibiltzeko nahitaezkoa du euskarak produktu teknologikoez baliatzea. Bai edo bai jakin behar dute euskaraz hitz egiten teknologia horiek», esan du.