Eskubide Sozialen Gutunaren talde sustatzailea osatu dute

Euskal Herriko eragile sozial eta sindikal ezberdinek Eskubide Sozialen Gutunaren talde sustatzailea eratu dute udazkenera bitartean zirriborro bat osatu eta ondoren herritarrei aurkeztu asmoz. Guztira 12 lagunek osatzen dute lantaldea eta emaitzak aldaketa sozial eta politikorako tresna bihurtzea dute helburu.

@iraiaoiarzabal|Donostia|2013/06/20 13:50
20130620_karta
Eskubide Sozialen Kartaren talde sustatzailearen aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Maiatzaren 30eko greba deialdiarekin batera, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzeko beharra eta erabakia azaleratu zuten eragile sindikal eta sozialek. Ordutik bi asanblada egin dituzte, azkena hilaren 14an Altsasun ospatu zutena. Bertan gutunari forma emango dion talde motorea izendatu zuten, guztira 12 kidek osatuko dutena, Hego Euskal Herriko herrialde bakoitzeko hiru kide, asanblada osatzen duten arlo ezberdinetako ordezkariak izango direnak. Ipar Euskal Herriko ordezkaritza lantzen ari dira oraindik.

Gaur aurkeztu dute Donostian lantaldea eta datozen hilabeteetan, udazkenera bitarte, zirriborroa osatzeari ekingo diotela jakinarazi dute. Ondoren, lehen emaitza hori gizarteratuko dute ekarpenak jasotzeko, prozesu parte hartzailea izatea nahi baitute. Azaldu dutenez, «Euskal Herrian bizi garen pertsona guztion sentipena eta gehiengoaren interesa jasoko duen behin betiko proposame bat erredaktatzea» da helburua, eta, era berean, eztabaida prozesu horrek «herri harresi» bat eraikitzea «botere ekonomikoak gehiengo sozialaren kontra zuzentzen dituen eraso guztiei aurre egiteko».

Azken urteetan, batik bat krisiaren ondorioz, errealitate kezkagarri bat azaleratu dela uste dute, non «botere ekonomikoak» politika publikoez erabakitzen duen, «demokrazia desagerraraziz». Horren ondorioz, aberastasunaren banaketa «bidegabe» baten aurrean gaudela nabarmendu dute. Adibide gisa, gizarte eskubideek eta zerbitzu publikoek izaera unibertsala galtzen dutela aipatu dute, eta horren ordez, gizartearen beharrei aurrekontuen arabera erantzuten zaiela salatu.

«Etorkizuna, dekretu bidez»

Egoera horren aurrean instituzioei kritika berezia egin diete. «Euskal Herriko gobernu neoliberalek politika horiexek gauzatu dituzte», adierazi dute, «erantzunkizuna mozorrotu» eta «errua kanpoko erabakiei leporatuz». Gasteiz eta Nafarroako gobernuek eskubideen murrizketa «dekretu bidez» ezartzen ari direla ohartarazi zuten, eta emaitza «ezin hondagarriagoa» izaten ari dela uste dute.

Fiskalitate eta aurrekontu-politika horren atzean, euskal gizarteari bere etorzkizunaz erabakitzeko ahalmena kentzeko helburua dagola salatu dute. Horregatik, ekintza politiko eta instituzionalak lehentasunak aldatu behar dituela aldarrikatu dute, «pertsonak eta hain interesak merkatuaren interesen gainetik» kokatuz.

Zentzu horretan, urratsak emateko erabaki hartu dute eragile sindikal eta sozialek eta bi helmuga nagusi ezarri dituzte. Lehena,  Euskal Herriko ekonomia eta baliabideak herritarren zerbitzura jartzea; eta bigarrena, bertan bizi diren pertsona guztiek bizi baldintza duinak eskuratu ahal izatea. «Erantzunkizun berdina exijitzen diegu euskal instituzioei», gaineratu due.