@belastegi
Gasteiz

Aliatuek Napoleonen tropak garaitu dituzte Argantzunen, berrehun urte geroago

1813ko Gasteizko Batailaren bigarren mendeurrena ospatzen ari dira egun hauetan. Gaur ekitaldi gehien biltzen dituen eguna da, iluntzean lortu baitzuten Aliatuek tropa napoleonikoak hiritik botatzea.

Gasteizko Bataila irudikatu dute Argantzunen berrehun urte eta gero. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Gasteizko Bataila irudikatu dute Argantzunen berrehun urte eta gero. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Asteburu honetan ospatzen du Gasteizek Aliatuek, Wellington dukea eta Alaba Generalak gidatuta, Napoleonen tropak hiritik bota zituztela bi mende pasatu direla. Atzo hasi ziren ekitaldi nagusiak, 1813ko ekainaren 21a zelako gudua hasi zen egun zehatza. Hala ere, borrokaldia hurrengo egunera arte luzatu zen: Argantzunen eraso eta armada Inperiala ihesean ari zela, Armentiako zelaietan borrokatu ziren beste behin, soldadu frantsesak lur jota gelditu eta Gasteiz utzi zuten arte.

Gaur eguerdian benetako bataila zirudien antzezpena egin dute Argantzunen, Gasteizen zegoen giroa lasaiagoa zen bitartean. Tiroka batean, bertsotan bestean. Sebastian Lizaso, Andoni Egaña eta Oihane Perea aritu dira Andra Mari Zuriaren plazan dagoen guduari eskaintako monumentuan kantari. Euren hitzak, oroitzen duten gertaerari eskainiak izan dira, norberaren ikuspuntua emanez, beti ere.

Egun osoan zehar, gainera, bisita gidatu desberdinak izan dira turismo bulegotik abiatuta, non parte hartzen ari diren gehienak gasteiztarrak diren. Euren hirian duela bi mende gertatutakoaren berri izan nahi dute, askok agerikoa dena besterik ez baitute ezagutzen, eta bigarren mendeurren honek ematen dieten aukeraz baliatu nahi dute.

Iluntzean beste gudu antzezpen bat izango da, Armentiako zelaietan bi ordu inguru iraungo duena eta Napoleonen anaia Joseren behin behineko porrota suposatuko duena. Une horretatik aurrera Napoleonen inperioa atzera pausoak ematen hasi zen, eta horregatik da Gasteizko Bataila hain garrantzitsua eta ezaguna da Europan.

Gauean ‘La ciudad salvada’ antzezlana eskainiko dute Andra Maria Zuriaren plazan, argiz eta musikaz jositako ikuskizuna. Bihar, ordea, 12.30ean Alaba Generalari Gasteizko kaleetan egingo dioten harreraren antzezpenaz gain, arma historikoen txapelketa (10.00, tiro zelaian), familientzako bisita gidatuak (11.00, turismo bulegoan) eta dastaketa gastronomikoa (13.00, Urrezko Zeledonen plaza) izango dira.