NAIZ.INFO
IRUÑEA

«Elkartasunetik konpromisora» igarotzeko unea iritsi dela adierazi dute Iruñerrian

Ehunka lagun Iruñeko Gaztelu Plazan bildu dira, beren militantzia politikoa dela-eta espetxeratuak izan daitezkeen Iruñerriko bost gazteri babesa adierazteko. Elkartasunetik konpromisora igarotzeko ordua iritsi dela azpimarratuta, auziperatuei etxeetako giltzak eskaini dizkiete bertaratutakoek.

Luis Goñi, Xabier Sagardoi, Aritz Azkona Maider Caminos eta Mikel Jimenez (egun espetxean dagoena) Iruñerriko gazteei babesa adierazteko ehunka lagun bildu dira Iruñeko Gaztelu Plazan.

Auzitegi Goren espainolak haien aurka Audientzia Nazionalak ezarritako sei urteko zigorra aztertu egin du eta Fiskaltzak hura berresteko eskatu du. Segi edo Ekineko kide izateagatik epaitu zituzten. 

Beren militantzia politikoagatik espetxeratuak izan daitezkeen Iruñerriko gazteek eragile sozial, politiko eta sindikalen babesa jaso dute.

Gaztelu Plazan eginiko agerraldi jendetsuan nabarmendu dutenez, gazte horien jarduera politikoa da epaitzen ari dena.

Zentzu horretan, auzia egungo agertoki politikoaren aurka doala nabarmendu dute, eta euskal jendarteak dagoeneko bost gazteak absolbitu dituela azpimarratu. Horren erakusgarri dira, zehaztu dutenez, azken asteotan egon diren elkartasun keinu ugariak.

Elkartasun keinuak, baina, nahikoa ez direla eta konpromisoak hartzeko unea iritsi dela adierazi dute.

Hori dela-eta, herritarrei dei egin diete bertaratutakoek, eta auziperatuei beren etxeetako ateak irekitzeko eskatu. Konpromiso hori irudikatzeko, bertaratutakoek beren etxeetako giltzak eskaini dizkiete auziperatuei.

Horrez gain, herri harresia diruz laguntzeko, San Fermin jaietan zapi laranjak eramateko edota balkoietan puztarri laranjak jartzeko deia egin dute.

Arratsaldean, Barañainen auziperatuekiko elkartasunean elkarretaratzea eta asanblada bat egind dute. Iturramako auzoan ere Aritz Azkonaren aldeko mobilizazioa egin da.