Naiz.info
Madril

Reala-Getafe, Osasuna-Granada eta Valladolid-Athletic, Ligako lehenengo jardunaldian

2013/14 Liga denboraldia abuztuaren 17-18ko asteburuan abiatuko da eta egutegiko norgehiagoken zozketa egin dute gaur. Euskal taldeek lehen jardunaldian Getafe, Granada eta Valladolid izango dituzte aurkari.

Ligako 2013/14 denboraldiko lehen norgehiagokak abuztuaren 17-18 asteburuan jokatuko dira. Madrilen egin dute gaur Futbol Federazioaren egoitzan egutegi berrirako norgehiagoken zozketa.

Euskal taldeei dagokienez, Realak etxean abiatuko du denboraldia Getaferen aurka. Osasunak ere Sadarren jokatuko du estreinako partida. Aurrez-aurre izango du Granada.

Athleticek, bere aldetik, etxetik kanpo abiatuko du denboraldi berria, Valladoliden aurka.

Lehenengo derbia bigarren jardunaldian jokatuko da, Athletic eta Osasunaren artean, San Mames Barrian.

12. jardunaldian, azaroaren 2ko asteburuan helduko da bigarren derbia. Reala-Osasuna, Anoetan.

Hirugarrena, 2014ko urtarrilean jokatuko dute (4-5eko asteburuan) Realak eta Athleticek, Donostian.

Hemen gainontzeko norgehiagokak:

Bartzelona-Levante

Real Madril-Betis

Valentzia-Malaga

Sevilla-Atletico Madril

Celta-Espanyol

Almeria-Vilarreal

Rayo Vallecano-Elche