NAIZ.INFO
DONOSTIA

ELAren ustez, gatazkan galdu duelako ezarri du Adegik Rodriguezen aurkako salaketa

ELAren iritziz, Adegik Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezen aurka ustezko mehatxuengatik ezarri duen salaketak «ez du ez hanka ez bururik» eta egoitzen gatazkan «galtzaile izan dela dakien» patronalaren erabakia da.

ELAk txalotu egin du Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek hirugarren adineko egoitzen gatazkan izan duen jokabidea eta bere esku-hartzea «erabakigarria» izan dela nabarmendu du, langileen lan baldintzak hobetzeko.

Aldiz, Adegik Rodriguezen aurka ustezko mehatxuengatik ezarri duen salaketak «ez du ez hanka ez bururik», sindikatu horren iritziz. «Patronal zinez autoritario baten erabakia da, gatazkan galtzaile izan dela dakien patronal baten erabakia», adierazi du ohar batean.

ELAren ustez, Adegiren salaketari «hipokrisia eta zinismoa» darie. izan ere, patronalak «lankidetza publiko-pribatua indarrean zegoen garaira itzuli nahiko luke» eta Foru Aldundiak ezarritako baldintzek «langileen esplotazioa eragingo balute, Adegi pozik egongo litzateke».

Sindiatuaren arabera, honelako patronalei «mozorroa kendu behar zaie, izan ere, diru publikoz finantzatutako lobby bihurtu baitira, eta helburu argiak dituzte: publikoa dena eta eskubide laboralak suntsitzen saiatzea, eta beren estrategia laguntzen ez duen ekintza sindikal, sozial eta politiko oro kriminalizatzea».