NAIZ.INFO
GASTEIZ

EH Bildu Lakuaren «gainean» egongo da, sektore publikoko langileen eskubideak bermatzeko

Euskal Herria Bilduk iragarri du Lakuako Gobernuaren «gainean» egongo dela, sektore publikoa arrazionalizatzeko aurkeztu duten planak ez ditzan Administrazioko langileen eskubideak urratu. Estatuarekiko bikoiztasunak aztertzeko beharra nabarmendu du koalizioak.

«EH Bildu Jaurlaritzaren gainean egongo da sektore publikoa arrazionalizatzeko Urkulluk gaur bertan aurkeztu duen estrategiak Administrazioko langileen eskubideak murriztu ez ditzan», adierazi du Dani Maeztu legebiltzarkide abertzaleak.

Maeztuk ohartarazi duenez, «arrazionalizatze horrek ezin ditu inolaz ere kaleratzeak edota lan eskubideak suntsitzea ekarri; estrategia horretan ezinbesteko baldintza izan behar du enplegua eta lan eskubideak bermatzea».

Iñigo Urkullu lehendakariak iragarritako neurriak PSE ere «aspaldidanik» eskatzen ari zela gogora ekarri du legebiltzarkideak, eta EAJ eta PSEren arteko negoziazioekin lotu ditu, «honekin nahikoa argi dagoelako akordioa oso gertu dagoela».

Edonola ere, Urkulluk aurkeztutako estrategia «motz geratuko» dela ohartarazi du Maeztuk, «Jaurlaritzak Estatuarekiko bikoiztasunei heltzen ez badie, hor bai dagoelako arazo handi bat, zerbitzu publikoen kudeaketa egokia eragozten duena gainera.

Hala, bikoiztasun hori islatzen duten hainbat adibide aipatu ditu EH Bilduko ordezkariak: Renfe eta Adif Estatuko konpainiak ETS eta Euskotrenekin batera ari dira, URA agentzia eta konfederazioa hidrografikoa batera ari dira, edo «agian mingarriena dena», Ertzaintzarena, «polizia integrala izanik, ezin dituela eskumen guztiak bereganatu, Guardia Zibila eta espainiar Polizia EAEn oraindik desplegaturik daudelako».