Naiz.info
Donostia

Malandainen ‘Romeo y Julieta’ ikuskizunak abiaraziko du Musika Hamabostaldia ostegunean

Thierry Malandainek koreografiatutako ‘Romeo eta Julieta’ ikusikzunak abiaraziko du datorren ostegunean Donostiako Musika Hamabostaldia. Hector Berliozen bertsioa hilaren 1ean eta 2an antzeztuko da Victoria Eugenian.

Musika hamabostaldiaren aurkezpena. (ARGAZKI PRESS)
Musika hamabostaldiaren aurkezpena. (ARGAZKI PRESS)

Malandain Ballet Biarritzen eskutik ‘Romeo eta Julieta’ dantza izango da Donostiako Musika Hamabostaldiko ikuskizun nagusiena inaugurazio egunean, abuztuaren 1ean. Lapurdiko ballet taldeak bi egunez eskainiko du emanaldia, ostegunean eta ostiralean, Victoria Eugenia Antzokian.

Aurtengoa bigarren aldia da Musika Hamabostaldian William Shakespeareren obran oinarritutako ikuskizun bat aurkezten dela. Azkena orain bi urte egin zen, Sergei Prokofiev-en oinarritutakoa.

Kasu honetan, Malandain Ballet Biarritzek Hector Berliozen bertsioa baliatuko du ikuskizunerako.

Hamabostaldian zehar, beste hainbat emanaldi aurreikusten dira Donostian zehar. Adsax saxofoi laukotea, Musikeneko ikasleek osatua, Alderdi Ederren eta Gipuzkoa Plazan izango da; Orereta Abesbatza Udaletxean eta Landabarso korala San Vicente elizan.

Kukai Dantza Taldeak Jorge Oteiza omenduko du Paseo Berrian eta Hamabostaldia Ahots Teknika ikastaro batek itxiko du Donostiako Orfeoiaren egoitzan.