NAIZ.INFO
BILBO

Emakumezkoen kirolari prentsan eskaintzen zaion arreta eskasa nabarmendu du ikerketa batek

Prentsa idatzian argitaratzen diren kirol albisteen %5,89 baino ez dira emakumezkoen kirolari buruzkoak, Lakuako Gobernuak egindako ikerketa batean. Aztertu diren egunkarien artean, GARA da emakumezkoen kirolari arreta gehien eskaintzen diona.

Azterketaren arabera, emakumezkoen kirolari buruzko albisteetan, eskubaloiaren gainekoak nagusi dira. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Azterketaren arabera, emakumezkoen kirolari buruzko albisteetan, eskubaloiaren gainekoak nagusi dira. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Lakuako Gazteria eta Kirol zuzendari Jon Redondo eta Emakundeko buru Izaskun Landaidak aurkeztu duten ikerketaren arabera, GARAk emakumezkoen kirolari eskaintzen dion arretak, aztertu diren gainerakoen bataz bestekoa ia bikoztu egiten du.

Hau da, azterketaren ondorioek adierazten dute kirolari buruzko albisteen %5,89 baino ez dituela emakumeak hizpide. GARAren kasuan, zifra hori %11,5ekoa da.

Ikerketa egiteko, hamar egunkari aztertu ditu Lakuako Exekutiboak: informazio orokorra lantzen duten zortzi (GARA, ‘Berria’, ‘Diario de Noticias de Álava’, ‘Diario Vasco’, ‘El Correo Álava’, ‘El Correo Bizkaia’ eta ‘Noticias de Gipuzkoa’) eta kirolari buruzko beste bi (‘Mundo Deportivo’ eta ‘Marca’). Azterketak ez ditu hartzen medio publikoak edota bestelako euskarri batean plazaratzen direnak.

52 egunez, iragan apirilaren 10etik maiatzaren 31ra arte, emakumezkoen kirolari buruzko 1.548 albiste bildu dituzte. 

Aztertutako epean, emakumeak protagonista diren norbanako kirolari, talde edota kategoriak, kirol sailetan argitaratutako albisteen %5,89 ez da. Berez murritza den zifra horrek bere baitan hartzen ditu emakumezkoen kirola aipatu baino egiten ez duten albisteak, nahiz eta albistearen protagonista ez izan.

Beste era batean esanda, argitaratzen diren albiste ia guztiak (%94,11) gizonezkoen kirola jorratzen dute.

Ondorioztatu denez, kirol egunkariak ez diote arreta gehiago eskaintzen emakumezkoen kirolari. Kontrakoa, aztertutakoen artean laugarren postuan eta azkenengoan agertzen baitira, hurrenez hurren, ‘Mundo Deportivo’ eta ‘Marca’.

Lurraldetasunak informazioa lantzeko orduan duen garrantzia ere agerian utzi du ikerketak: kirolari bat zenbat eta hurbilagokoa izan, oihartzun handiagoa izaten du.

Emakumezkoen kirolari buruz argitaratu diren albisteetatik, %70 euskal kirolariei buruzkoak dira, %21 Estatu espainolekoei buruzkoak eta gainerako %9a, nazioartekoen ingurukoak.

Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak kirolariak prentsan berdintasunez tratatuak izan daitezela eskatu du. Izan ere, «neska gazteek ez badute medioetan erreferenterik ikusten, ez badute emakumezkoen kirolari buruzko informaziorik aurkitzen, nekez pentsa dezakete kirola haientzako ere aukera izan daitekeela».