Naiz.info
Bilbo

Jone Artolaren aurkako «epaiketa eta salaketekin» amaitzeko eskatu du Etxerat elkarteak

Jone Artola txupinera izendatzeko erabakia Bilboko konpartsek hartutakoa dela esan du Etxeratek, eta berau errespetatzeko eskatu dio Carlos Urquijo Gobernu espainolak EAEn duen ordezkariei. Senide izaeragatik ematen ari diren «epaiketekin eta salaketekin» berehala amaitzeko ere galdegin du.

Etxerat elkarteak gogor salatu du Carlos Urquijok Jone Artola txupinera izendatu izanaren kontra aurkeztutako helegitea. Ohar bidez ohartarazi duenez, «errespetu falta izugarria» erakusten dute Urquijok erabilitako argudioek, Jone Artola Etxerateko bozeramailea eta preso politiko baten senide izateagatik.

Halaber, ez Urquijok eta ez zenbait medio eta elkartek Etxerat «kriminalizatzeko inongo arrazoirik ez dutela» adierazi du. «Legez kanpokoa al da Etxerat elkarteko kide izatea?», galdetu du.

Etxeratek gogorarazi du, senideak zigortuak ez dauden arren, senide izateagatik kondenatzen dituela Estatuak, espetxe politika baliatuz. Jone Artolak Joseba anaia espetxean du 1986tik eta kartzelaldia 2016ra arte luzatu diote. «Beraz, Joneren kondena ere 2016ra arte luzatua izan da», esan du.

Senide eta lagunek jasaten duten «kriminalizazio eta jazarpen» egoerarekin amaitzea ezinbestotzat jo du elkarteak eta Jone Artola Bilboko Aste Nagusiko txupinera izendatzeko erabakia errespetatzeko eskatu dio Urquijori, hautua Bilboko konpartsek hartutakoa baita. Halaber, senide izaeragatekik ematen ari diren «epaiketekin eta salaketekin» amaitzeko galdegin du.