@ane_arruti
DONOSTIA

Itziar Nogerasek bere izendapenean izandako adostasuna nabarmendu du

Itziar Nogeras Donostia 2016ko zuzendari orokorrak etapa berria «osasunez, gogoz eta indartsu» hartzen duela esan du eta aurreko zuzendaritzari eskertu egin dio bere «eskuzabaltasuna eta proiektuarekin duen konpromisoa».

Itziar Nogeras irribarretsu, bere lehen agerraldi publikoan. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Itziar Nogeras irribarretsu, bere lehen agerraldi publikoan. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Itziar Nogerasek bere lehenengo agerraldi publikoa egin du Donostia 2016ko zuzendari orokor gisa. Etapa berria «osasunez, gogoz eta indartsu» hartzen duela esan du eta aurreko zuzendaritzari eskertu egin dio bere «eskuzabaltasuna eta proiektuarekin duen konpromisoa».

Aurrerantzean, «erantzunkizun ariketa handia egin behar dugu eta jendeak espero duenari erantzun», azaldu du, eta berak egingo duen kudeaketa «partehartzailea, gardena eta erantzunkizunean oinarritua» egongo dela azpimarratu du. 

Nogerasek Donostia 2016ren egoitza berrian egin ditu adierazpen hauek, Easo kaleko Su-hiltzaileen eraikin ohian. Deialdiak sekulako ikusmina piztu du komunikabideen artean. Izan ere, izendapenaren inguruan polemika handia izan da azken asteotan, Nogerasen mezu elektroniko bat publiko egin ostean, eta aitortu du une zailak bizi izan dituela. 

Zuzendari orokorrak azpimarratu du bere hautagaitza aho batez onartu duela Patronatuak, lau instituzio adostasunera iritsiz eta kontrako bozkarik egon gabe, prozesua bermatzeko enpresa batek egindako lehiaketaren ondoren, honek emandako gomendioei kasu eginez.

«Pentsatzen dut asko hitz egin behar izango zutela guztiak adostasunera iristeko. Ez da alegaziorik ezta errekurtsorik ere egon eta guztiz babestua sentitzen naiz. Espero dut konfidantza horri erantzun ahal izatea», esan du.