Koldo Otamendi
Donostia

Irailaren 27an emango du azken kontzertua Zuloak taldeak Donostiako Gazteszenan

Zuloak taldea bere ibilbidearen azken txanpan da. Japoniatik bira abiatuko dute hurrengo asteazkenean eta Poloniatik igaro ondoren, Euskal Herrian eskainiko dute azken kontzertua, hilaren 27an, Donostiako Gazteszenan.

Muguruza eta Soret, bi iskinetan, Zuloakeko kideekin batera. (ARGAZKI PRESS)
Muguruza eta Soret, bi iskinetan, Zuloakeko kideekin batera. (ARGAZKI PRESS)

Taldea sortzerakoan iragarri bezala, Zuloak taldeak agur esango du Donostiako Zinemaldia iristearekin batera. Gaur goizean taldeko lau kideak eta Fermin Muguruzak prentsaurrean azaldu dituzte Zuloak musika taldearen eta filmaren ibilerak, «urte zoragarria» izan dela adieraziz.

Guztira, 63 izango dira Zuloak taldeak urtebeteko epe honetan eskainiko dituen emanaldiak. Euskal Herrian zein atzerrian aritu da taldea, bidean, Alemania, Mexikon, Bartzelona edo Madrilen arituz. Orain artean eskainitakoei, Japonian eta Polonian joko dituzten emanaldiak gehitu behar zaizkie.

Euskal Herrian, berriz, bi izanen dira taldea zuzenean ikusteko aukerak. Irailaren 7an La Cupula (Campos Eliseos antzokia) aretoan izanen dira Izar & Star musika zikloaren barnean, Runaways  taldearen kantuak bertsionatuz. Irailaren 27an, berriz, Donostiako Gazteszena aretoan izanen da hitzordua. Hauxe izango da taldearen azken emanaldia.

Bertan, Asthmatic Lion Sound Systema (Fermin Muguruza Kontrakantxako zenbait musikariez osatua) eta Niña Coyote eta Chico Tornado (Zuloak taldeko kide diren Koldo Soret eta Ursula Strong musikarien egitasmo berria) izanen dituzte oholtza gainean lagun. Emanaldi berezi honetarako kantu zerrenda berezia prestatuko du Zuloak bandak.

Zuloak filmak, berriz, bere bidea jarraituko du. Ugariak izan dira ere dokumentalak izan dituen emanaldiak (asko gure mugetatik kanpo), eta aurrera begira ere jaialdi ezberdinetan ikusteko aukera izanen da. Urrian, esaterako, Estatu frantsesean estrenatuko da filma.

Informazio gehiago, NAIZeko Agendan.

Zuzenean:
Irailak 07 Bilbo (Euskal Herria)
Irailak 11 Tokyo  (Japonia)
Irailak 13 Aichi  (Japonia)
Irailak 14 Ishikawa  (Japonia)
Irailak 15 Niigata (Japonia)
Irailak 21 Ladek Zdroj (Polonia)
Irailak 27 Donostia (Euskal Herria) Azken kontzertua