Naiz.info
Deba

Praileaitzeko indusketen bigarren fasea hasi da

Astelehenean berrartu zituzten Aranzadiko arkeologoek Praileaitzeko indusketak eta irailaren 13ra arte jarraituko dute. Lehen fasea ekainaren 13tik 27ra burutu zen.

Aranzadiko arkeologoak, Praileaitzen lanean. (ARANZADI)
Aranzadiko arkeologoak, Praileaitzen lanean. (ARANZADI)

Aranzadi Elkarteko arkeologoek Praileaitzeko kobazuloko indusketa lanak berrartu zituzten pasa den astelehenean. Esku-hartze horiek hiru espazio ezberdinetan egiten ari dira: atarian, mendebaldeko galerian eta barneko bigarren gelan. Helburua espazio horietan sakontzea da, aurkikuntza berriak egiteko itxaropena baitago. Orotara 30.000 euro bideratu ditu Gipuzkoako Aldundiak indusketa eta laborategi lanak egiteko.

Azken 10 urteetan Paleolito garaiko jarduera kulturalarekin lotutako aurkikuntza garrantzitsuak egin dira Praileaitzeko koban eta bere ingurunean. Besteak beste, erritoarekin lotutako Behe Madeleine-aldiko (duela 15.500 urte inguru) 29 lepoko aurkitu dira. Horietako hiru ahuntz hortzekin egindakoak eta gainontzekoak harri beltza erabiliz. Era berean, Madeleine-aldiko (duela 12.000) okrezko arkatzak eta bi aginte makil aurkitu dira, besteak beste.

Iazko kanpainan ere aurkikuntza garrantzitsuak egin ziren. Orain arte Praileaitzen aurkitutako objektu zaharrenak duela 12.000 eta 17.500 urteen artekoak baziren, lehengo urtean aurkitu ziren harrizko tresnak duela 40.000 eta 120.000 urteen artean kokatzen dira. Horrek esan nahi du Cromangon gizakiaz gain, Neanderthal gizakiak ere erabili zuela koba hori.