NAIZ.INFO
IRUÑEA

Poliziak inguratuta hasi du ikasturtea Nafarroako Unibertsitate Publikoak

Ikasleei sarrera debekatuta eta langileei mugak jarrita abiatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikasturte berria. LAB sindikatuak murrizketen aurkako protesta deitu du kanpoaldean eta Ikasle Abertzaleek eta Barcina Go Home ekimenak ere mobilizazioak deitu dituzte.

Ikasleen ordezkaritza batek ikasturte hasierako ekitaldira sartzea lortu du eta hezkuntza publikoa eta euskalduna galdegin du. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
Ikasleen ordezkaritza batek ikasturte hasierako ekitaldira sartzea lortu du eta hezkuntza publikoa eta euskalduna galdegin du. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Langileen ordezkariak, ikasleak eta protesta egin asmo zuen oro Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasturte hasierako ekitalditik kanpo geratu dira, poliziak behartuta. LAB sindikatuak hezkuntzan izandako murrizketen aurkako protesta zuen deitua eta Barcina Go Home ekimenak ere mobilizazioak deitu ditu. Ikasleek ere protestarako deia egina zuten.

Guztiak kanpoan geratu dira, poliziak hala behartuta. Ikasle Abertzaleek Twitter bidez ikasleen identifikazioak izan direla salatu du eta kazetari batzuekin ere jarrera oldarkorra izan du poliziak. Azkenean ikasleek bertatik kanporatu dituztela salatu dute. Hala ere, ikasleen bi ordezkarik Sario eraikinean egiten ari zen ekitaldia eten eta hezkuntzaren pribatizazioa eta euskararen presentzia txikia salatu dituzte.

Kanpoan protesta giroa nagusitu den bitarten abiatu dute NUPen ikasturte hasierako ekitaldia. Egoera Twitter bidez salatu du Bakartxo Ruiz Bilduko parlamentariak, ikasleei sartzen utzi ez dieten bitartean Guardia Zibilaren ordezkaritza ofiziala ekitaldian zela aipatuz.

Barruan, Julio Lafuente López errektorea buru abiatu dute NUPen ikasturte hasierako ekitaldia Sario eraikinean.