NAIZ.INFO
Bilbo

Konponbidearen zubia igarotzeko deia, Lekeitioko Libre egunean

Irailaren 29an Lekeition ospatuko duten Libre egunaren egitaraua eta helburuak aurkeztu dituzte 35/02 eta gazte independentisten aurkako sumarioetako auzipetuek. 12.30ean izango da ekimen nagusia, «egungo egoeratik bakera, gatazkatik koponbidera» zubia igarotzeko beharra azpimarratu dute.

Karmelo Landa eta Nahaia Aguado auzipetuak mahaiean, bi sumarioetako auzipetuen babesean. (Jon HERNAEZ / ARGAZKI PRESS)
Karmelo Landa eta Nahaia Aguado auzipetuak mahaiean, bi sumarioetako auzipetuen babesean. (Jon HERNAEZ / ARGAZKI PRESS)

Goizean hasita iluntzera arte egun osoko egitaraua antolatu dute 35/02 eta 40 gazte independentisten aurkako sumarioetan auzipetutakoek. Batetik eta bestetik egitaraua osatzeko proposamen ugari jaso dituztela azpimarratu dute eta ezin izan dituztela denak baliatu, esker ona eman diete diete euren burua elkartasun egun honetan parte hartzeko eskaini dutenei.

‘Gatazkatik konponbidera bagoaz zubia igarotzera’ lelopean egingo dute irailaren 29ko elkartasun eguna Lekeition eta deialdi berezia 12.30ean izango den ekimerako egin dute. «Denen konpromisoaz epaiketen bidez gatazka betikotzeko asmoei aurre egingo dien harresi herritarra» osatuko dutela iragarri dute, eta horrekin batera urrats bat gehiago eskatu dute: «harresia, zeharkatu behar dugun zubia ere izango da, egungo egoeratik bakera, gatazkatik koponbidera». Gaineratu dute «guztien bultzadaren beharra» dagoela Euskal Herrian irekitako prozesua sendotzeko.

10.30ean hasiko da elkartasun eguna Pirritx, Porrotx eta Marimototxen kalejirarekin, herri kirolak izango dira ostean eta eguerdiko ekimen nagusia eta gero ekitaldia deitu dute plazan (13.30). 14.30ean bertso saio berezia izango da plazako bi balkoietatik eta herri bazkaria gero. Kantu herrikoiak izango dira bazkalostea girotuko dutenak eta 17.30ean Irrien Lagunak ikuskizuna antolatu dute haurren gunean.

Arratsaldeko seietarako kontzertuak antolatu dituzte Iheskide, Itziarren Semeak eta Gatibu taldeekin.

700.000 eurotik gorako epaiketa gastuak

Aldarrikapen eta elkartasun eguna izango da Lekeitiokoa, eta ikuspegi ekonomikotik epaiketek dakarten gastu handia ere nabarmendu dute. Auzipetuen arabera 700.000 euroko kostua izango dute bi epaiketek orain arte ezagutu dituzten datak kontuan hartuz; gainera, epaiketa luzatu daitekeen hilabete bakoitzeko beste 200.000 euronako kostua gehitu beharko litzaioke.