NAIZ.INFO
Laudio

Amurriotik Laudiora, ezarritako espetxealdia bete duten lau herritar aska ditzaten

‘24 urte nahikoa da’ lelopean Urduñatik Laudiora joan dira dozenaka herritar eskualdeko lau presoren askatasuna eskatzeko. Manu Gonzalez, Santos Berganza, Jose Angel Biguri eta Julen Fernandezek 24 urte daramatzate espetxean eta 197/2006 doktrina ezarri diete. Lauen askatasuna eskatu dute gaurko martxan.

Amurriotik abiatu den martxa Laudiora iristen. (Raul BOGAJO / ARGAZKI PRESS)
Amurriotik abiatu den martxa Laudiora iristen. (Raul BOGAJO / ARGAZKI PRESS)

Egun osoko egitaraua antolatu dute Aiaraldean eskualdeko lau preso politikoren askatasuna eskatzeko. 24 urte daramatzate espetxean Manu Gonzalez, Santos Berganza, Jose Angel Bigurei eta Julen Fernandez preso politikoek. Lehen hiruei 197/2006 doktrina ezarri diete, espetxealdia hamar urtez luzatuz. Fernandezek ere 2011n aske behar zuen, baina aurrez ezarri zioten lau urteko espetxealdi murrizketa bertan behera utzi diote eta senideak beldur dira horren ostean ezarriko ote dioten 197/2006 doktrina.

‘24 urte nahikoa da’ lelopean deitu du Herrirak gaurko mobilizazioa. Amurriora ekin aurretik Ernai gazte antolakundeak Urduñatik abiatu du bere zutabe propioa. Amurrion denak elkartu eta Laudiorainoko martxa egin dute. Herri bazkaria, bertso saioa eta manifestazioa egin dituzte ekitaldiaren aurretik.

Ekitaldian azken ia bi hamarkada eta erdian, lauak preso egon diren denboran, eskualdean euren askatasuna eskatzeko egin diren ekimenen irudiak erakutsi dituzte bideo baten bidez. Azken urteetan aske utzi dituzten herritarren irudiak ere erakutsi dituzte. Hainbat preso ohiek ere ekitaldian parte hartu dute. 400 pertsona inguruk parte hartu du gaurko ekimenean.

Estrasburgen zain

Asteartean egin zuten lau presoen senideek gaurko ekimenean parte hartzeko deia. 197/2006 doktrinaz laster behar du eman bere azken epaia Giza Eskubideen Nazioarteko Epaitegiak, espetxe politikaren zulo beltzean ageri den argi izpia dela adierazi zuten, baina azken ebazpena etorri bitartean herritarren mobilizazioa ezinbestekoa dela adierazi zuten.