Jose Angel Oria

Ezintasun sentimenduak ez du lekurik Baionan

Urriaren 6an Baionan ospatuko dute Alternatiba eguna Bizi! mugimenduak antolaturik, aldaketa klimatikoaren inguruko mobilizazioak berpiztu asmo dituzte eta «ziklo berri baten abiapuntua» izan nahi du.

Europako 150 egituraren eta elkarteren sostengua du datorren urriaren 6an, Baionan, egingo den Alternatiba Egunak. Klima aldaketari aurre egitea ez dela ezinezko erakutsiko dute, ehunka alternatibaren erakusleihoa izango den ekimenean. Ehun hizlari, berrehun bat artista eta 150 elkarte bilduko ditu Bizi! mugimendu altermundialistak. AEBetako Energia Sailak margotu digun geroa saihestu dezakegula giro herrikoian frogatu nahi digute esku hartzaileek, klima aldaketari eta energien krisialdiari aurre egiteko alternatiba indibidualen, kolektiboen eta lurralde mailakoen aurkezpena eginez. Klimaren Bilakaerari Buruzko Gobernuarteko Aditu Taldearen 5. txostena kaleratu ondoren dator Alternatiba Eguna.

Alternatiba Eguna antolatzeko proposamena Tunisian joan den martxoan egindako Munduko Jendarte Foroan egin zela gogorarazi zion GARA egunkariari Txetx Etxeberri Bizi!-ko kideak. «2010ean, Kopenhageko gailurra izan zenetik, ez da aldaketa klimatikoaren inguruko mobilizaziorik izan. Alternatibaren xedea mobilizazioa berpiztea da», esan zuen. 2015ean, Parisen Nazio Batuen Erakundeak egingo dituen 21. klimaren gaineko topaketei begira (COP 21), Baionako Alternatiba Egunak Europa osora hedatuko den «mobilizazio ziklo berri» baten abiapuntua izan nahi du, beraz.