NAIZ.INFO
BAIONA

Baterak manifestazioa deitu du Maulen Lurralde Elkargoaren eta euskararen alde

Batera plataformak manifestazioa egingo du datorren azaroaren 30an, Maulen, Ipar Euskal Herriarentzako Lurralde Elkargoa aldarrikatu eta euskararen alde egiteko. Mobilizazioaren bitartez Estatu frantsesak elkargoaren aldarriari egiten dion «mespretxua» arbuiatu nahi dute.

Batera plataformako kideen agerraldian, Baionan. (Gaizka IROZ)
Batera plataformako kideen agerraldian, Baionan. (Gaizka IROZ)

Baionan eginiko prentsaurrekoan, Batera plataformako kideek azaroaren 30an Maulen egitekoa den manifestaziorako deia egin dute. Arratsaldeko 15.00etan abiatuko da mobilizazioa. Egun berean, arratsaldeko 17.30ean, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa izango da Maulen.

Paxkal Indok azaldu duenez, «eskatzen dugun Lurralde Elkargoak kohesioa eta koherentzia bilatzen duenez, kostaldea eta barnekaldearen artean lotura bermatzeko» hautatu dute Zuberoako hiriburua manifestazioa egiteko.

Mobilizazioaren bitartez, euskarari babesa adierazi eta Estatuak Hendaia edota Beskoitzeko ikastoletan jarritako mugak salatzeaz gain, elkargoaren aferan Parisko Exekutiboak egiten duen «mespretxuari» erantzun nahi diote.

Bestalde, Hautetsien Kontseiluak onartu duen lurralde kontratu berri bat sinatzearen alde agertu diren arren, helburu argia elkargoa lortzea dela adierazi dute Batera plataformako eledunek.

Era horretan, datozen hilabeteotako borroka bi frontetan egingo dutela azaldu dute: batetik «lurralde kontratu azkar bat negoziatuko» dute eta bestetik «lurralde elkargoaren borroka» garatuko dute.