NAIZ.INFO
DONOSTIA

Eraso sexisten aurkako protesta egin du herritar ugarik Tolosan

Emakumeen Mundu Martxak deituta, elkarretaratze jendetsua izan da Tolosako Triangulo plazan, igande goizaldean Anoeta eta Tolosa artean neska batek eraso sexista jaso izana zalatu zuela-eta. «Ez gaude prest emakumeen aurkako erasoen aurrean isilik geratzeko», adierazi dute.

Eskualdeko jende ugari bildu da Tolosan eginiko elkarretaratzean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Eskualdeko jende ugari bildu da Tolosan eginiko elkarretaratzean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Tolosaldeko herritar ugarik erantzun diote Emakumeen Mundu Martxak eginiko deialdiari eta arratsaldean burututako elkarrretaratzean parte hartu dute.

«Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egin! Erasotzaileak kanpora!» izan da protestaren leloa.

Igande goizaldean, Irurako festetatik bueltan, Anoeta eta Tolosa artean sexu erasoa jaso izana salatu zuen 19 urteko neska batek, eta elkarretaratzea deitu dutenek halako gertaerekin behin betiko bukatzeko beharra nabarmendu dute.

«Nazkatuta gaude horrelako berriak jasotzeaz. Noiz arte horrela? Noiz arte emakumeak jo puntuan, emakume izateagatik?», galdetu dute, Tolosaldeko Hitzak jaso duenez.

«Ez gaude prest emakumeen aurkako erasoen aurrean isilik geratzeko, eta indar guztiak jarriko ditugu eraso koldar hori egin duen pertsona nor den jakiteko», gaineratu dute.