NAIZ.INFO
MADRIL

PP bakarrik geratu da Kongresuan Werten hezkuntza erreforma aurrera ateratzeko

Kongresu espainolak hezkuntza komunitatearen baitan kezka handia eragin duen erreforma onartu du, PPren botoekin. Senatura bidaliko du orain LOMCE legea.

LOMCE legearen aurkako mobilizazio ugari egin dira Euskal Herrian. Irudian, Iruñean egindako bat. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
LOMCE legearen aurkako mobilizazio ugari egin dira Euskal Herrian. Irudian, Iruñean egindako bat. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Iragan maiatzaren 17an Ministroen Kontseiluak onartutako Wert erreforma delakoak gaur jaso du Kongresuaren oniritzia. Aldeko 182 boto, aurkako 137 eta bi abstentzio izan dira.

PPren babesa besterik ez du jaso LOMCE legeak baina gehiengo absolutua duenez, aurrera atera da. UPN azkenean abstenitu egin da, eta Foro Asturias ere bai. Gainontzeko alderdi guztiek erreformaren aurka bozkatu dute.

Erreforma proiektuari aurkeztutako zazpiehundik gora zuzenketa partzialak ere atzera bota ditu PPk. Testua, orain, Senatura igorriko dute.

Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroa pozik agertu da bozketaren ondoren.

Hezkuntza komunitatean kezka handia eragin du erreforma honek, besteak beste gaztelera irakasteko hizkuntza nagusia izatea ezarriko duelako eta Madrilgo Gobernuari edukien gainean erabakitzeko ahalmen handiagoa emango diolako.

Hezkuntza erreformari ezezkoa adierazteko, eragile ugarik manifestazioa egingo dute Bilbon, urriaren 12an, 17.30ean.