Herriraren aurkako operazioa «errotik ilegala» izan dela salatu dute abokatuek

Behatokia eta TATeko abokatuek, berriki atxilotutako Herrirako kideekin batera, polizia operazioa oinarrizko eskubide eta askatasunen «urraketa larria» dela salatu dute. Herrira legalki egituratu eta inskribatuta dagoen erakundea dela eta «justifikaziorik gabeko» atxiloketetan irregulartasunak antzeman dituztela aldarrikatu dute.

NAIZ.INFO|BILBO|2013/10/15|Iruzkin 1
20131015_herrira
TAT eta Behatokiko abokatuak, Herrirako kideekin batera emandako prentsaurrekoan. (ARGAZKI PRESS)

Herriraren aurka burututako polizia operazioaren balorazio juridikoa egiteko, Behatokia eta TATeko abokatuek agerraldia egin dute Bilbon, mugimenduko kide izateagatik atxilotuetako batzuekin batera.

Abokatuen izenean, Alfontso Zenon eta Irune Agirrek azaldu dute «oso zaila» dela «zantzu politiko eta militar» garbiak dituen operazio baten balorazio juridikoa egitea, «ukaezina» delako jazotakoak «bultzada politiko nabaria izan duela».

Lehenik eta behin, argi utzi nahi izan dute Herrira legalki egituratuta eta inskribatuta dagoen asoziazioa dela, eta bertan lan egin dutenak «modu publiko eta gardenean» aritu direla.

«Euskal presoen eskubideen aldeko lanak eta egun indarrean dagoen espetxe politika ankerraren aldaketak euskal jendartearen baitan oiniritzi erraldoia lortzen duen aldarrikapena da. Eta hori izan da Herrirak bere jaiotzatik bultzatu duena», nabarmendu dute.

Horrez gain, hemezortzi lagunen atxiloketa «arbitrarioa» izan zela arbuiatu dute, eta ondoren ezarri zaizkien neurriak zein bermeak «desproportzionatuak» direla azaldu.

Jardun erabat publikoa duten elkarteen lokaletan sartu izana, elkarteari berari ezer notifikatu gabe Herriraren jardunaren etena erabakitzea edota miaketetako batzuetan atxilotuak presente ez egotea dira abokatuek salatu dituzten irregulartasunetako batzuk.

Hori dela-eta, abokatuek Herriraren izenean pertsonatzea erabaki dute eta parte bezala aintzat har ditzaten eskatuko dute, «egindakoaren berri eman, behin behineko neurri hauen erabaki judiziala notifikatzea eskatzen dugu».

Izan ere, esan dutenez, «erabat desproportzionatuak eta justifikaziorik gabekoak iruditzen zaizkigulako, egokia den helegitea jarri eta Zuzenbideko nulidadea eskatzeko».

Gogor salatu dute euskal presoen eskubideen defentsa kriminalizatzea helburu zuen operazioak «nazioarteko hitzarmenetan presente dauden askatasun eskubideak, elkartze eskubidea, defentsa eskubidea eta prozesu justua izateko eskubideak modu nabarmenean urratu» zituela.