Naiz.info
Donostia

Sortu: «ETA ez da bortxa erabiltzen duen eragilea, bai ordea Gobernu espainola»

Aieteko Adierazpenetik bi urte igaro direnean, Sortuk azpimarratu du ordutik ETA ez dela «bortxa erabiltzen duen eragilea, bai ordea Gobernu espainola». Bere iritziz, egoera hori «lehen mailako arazoa da» bake eta normalizazioranzko bidean. Mexikoko topaketa begi onez ikusten du.

Maite Ubiria eta Pernando Barrena, goizean egindako agerraldian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Maite Ubiria eta Pernando Barrena, goizean egindako agerraldian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Sortuko eledun Pernando Barrenak eta nazioarteko gaietarako arduradun Maite Ubiriak azken bi urteetan, Aieteko Adierazpenetik hona, Euskal Herrian zabaldutako aro berriaren balorazioa egin dute prentsaurrean.

Barrenak ezker abertzaleak «izaera estrategikoa duen hausnarketa» eta biktima guztiekiko egindako «autokritika» goratu ditu. Kontran, alabaina, EAJ, PSE, UPN edota PPk izandako hausnarketa eza kritikatu ditu.

Aieteko Adierazpenetik hiru egunetara ETAk adierazpen historikoa egin zuen, jardun armatua uzten zuela iragarriz. Sorturen aburuz, «ETAk ez du bortizkeriazko inongo jardunik praktikatzen» eta galdetu du. «Gauza bera esan al dezakete gobernuek? Zoritxarrez ez», esan du.

«Aietetik bi urtera, ETA ez da dagoeneko bortxa erabiltzen duen eragile bat, bai ordea Gobernu espainola. Eta hori lehen mailako arazoa da bake prozesuarentzat eta herri honen normalizazioarentzat», ohartarazi dute.

Barrenaren aburuz, garai politiko berria heldu da «mugitu direnei esker eta ekimen politikoa hartu dutenei esker», baina estatuen indarkeria kritikatu du. «Espainiak bortxakeria erabiltzen jarraitzen du eskema politiko arrotza inposatzeko eta herri hau bere etorkizunaren jabe izaterik izan ez dezan».

Mexikoko topaketei keinua

Maite Ubiriak, bere aldetik, Mexikon atzo eta gaur egiten ari diren «Euskal Herriarentzako Bakearen Aldeko Kontinenteko Topaketa» txalotu du. Izan ere, «ekimen horrek nazioarteko komunitateak euskal bake prozesuarekiko duen atxikipena erakusten duela» iritzi dio.

«Mota honetako ekimenek euskal gizartean irekiriko esperantza finkatzeko eta gure herriarentzat irtenbide elkarrizketatuen alde lanean diharduten herritar eta eragile ororentzat bultzada gisa» ulertzen ditu. Horrez gain, Estatu espainolak eta frantsesak mantentzen duten «jarrera inboluzionistak etorkizunik ez duela» nabarmendu du, «denbora politikotik kanpo dagoelako».