Nagore BELASTEGI
DEBE

Oteiza omentzeko totema jarri dute Itziarreko santutegiko ‘Amatasuna’ eskulturaren ondoan

Oteizak martxan jarritako Debako Arte Eskolako ikasle batek egindako eskultura txiki batetan panel informatiboa kokatu dute. Keinu hau artistaren heriotza oroitzeko ospakizunen baitan prestatu dute.

Oteizaren omenez jarri dute totema. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Oteizaren omenez jarri dute totema. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Jorge Oteiza eskultoreak 105 urte beteko lituzke gaur bizirik balego. Aurten, gainera, 10 urte betetzen dira zendu zenetik eta horregatik ospakizun bereziak egin dituzte Deban urrian zehar. Horiei amaiera emateko panel informatibo bat inauguratu dute Itziarreko santutegian dagoen ‘Amatasuna’ eskulturaren alboan.

Oteizaren ametsa hezkuntza proiektu berritzaile bat garatzea izan zen eta egia bihurtu zen Debako Arte Eskola martxan jarri zuenean. Bertan aritzen den Willy Berasaluzek egin du ‘Amatasuna’ artelanaren alboan kokatuko duten panelari eusten dion totema, ikasi duenaren adierazgarri.

Eskultura hura bertan kokatzea erabaki zuen Oteizak, alde batetik, lekua gustuko zuelako eta, bestetik, bere emaztearen izena Itziar zelako. Honela Itziarko Ama Birginari eta bere emazteari eskaini zion eskultura baina, Maider Zubikarai Debako alkateak esan bezala, «amatasuna kontzeptua bere zabaltaun osoarekin irudikatzen du, begiratzen duen eremu guztia babestu nahi duen ama balitz bezala, ama lurra azken finean».