Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Su Ta Gar taldeak ‘Bizirik gaude’ diskoa aurkeztu du

‘Bizirik gaude’ diskoa ohiko saltokietara iritsi da gaur eta bihar artean. Bertan biltzen diren hamar kantek gaurkotasuneko gaiak jorratzen dituzte: krisia, euskara, Iñigo Cabacasen heriotza… momentuz diskoa oso harrera ona izaten ari da.

Xabi Bastida, Galder Arrillaga, Aitor Gorosabel, eta Igor Diez, disko berriaren kartelarekin. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Xabi Bastida, Galder Arrillaga, Aitor Gorosabel, eta Igor Diez, disko berriaren kartelarekin. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Su Ta Gar metal taldeak disko berria aurkeztu du ofizialki. ‘Bizirik gaude’ lan berria GARAko irakurleek aurretik eskuratu ahal izan badute ere, gaurtik aurrera salgai dago ohiko dendetan zein interneten. Hamargarren diskoa dute honakoa eta taldearen 25. urteurrenarekin batera dator. «Kasualitatea izan da baina polita da zenbaki borobilak izatea. Azken urtebeteko lana da diskoa; 2012ko irailetik aritu gara prestatzen eta uztaila, abuztua eta iraila bitartean grabatu dugu», aipatu du Aitor Gorosabelek, taldeko ahotsak.

Bere esanetan, kanta gehienek taldearen ohiko estiloari jarraitzen diote: hard rock, trash metal, heavy metal eta baladak ere baditu. Guztira hamar abestik osatzen dute lana eta gaurkotasuneko gaiak jorratzen dituzte. Hasteko, diskoari izena ematen dion kantak, ‘Bizirik gaude’, langile mugimenduari egiten dio erreferentzia; «botere ekonomiko eta politikoen aurrean borroka egiteko dei bat da, oraindik bizirik gaudelako», azaldu du Gorosabelek. Krisi ekonomikoaren ondorioz sufritzen ari diren pertsonen aldeko zein Estatu espainola egiten ari den politika ekonomikoaren kontrako hitzak ere biltzen dira beste kanta batzuetan. Iñigo Cabacas eta bere familiaren omenez egindako kanta bat eta euskaraz bizitzearen zailtasunak salatzen dituen abestia ere gehitu dituzte.

Egoera ekonomiko latza kontuan izanik, langabetuei laguntzeko keinu bat egingo dute. Xabi Bastida gitarra jotzaileak kontatu duenaren arabera, oraindik ez dute erabaki zehazki nola egingo duten, baina euren intentzioa da langabetuen artean kontzertuetarako sarrerak banatzea. Zozketa Facebook bidez egingo dute, euren jarraitzaileen artean. Bertan irakurri ahal izango ditugu, baita ere, hasi berria den biraren xehetasunak eta NAIZen duten bloga irakurtzeko esteka. Kontzertuetan kanta berriak eta zaharrak tartekatuko dituzte, eta publikoak disko berria ezagutu ahala, abestiak aldatuz joango dira.

Momentuz, diskoa oso harrera ona izaten ari da. Alde batetik, aldez aurretik entzuk ahal izan zuten kazetari gutxien artean bi izen aipatu dituzte; Joseba Martin (Radio Euskadi) eta Pablo Cabeza (GARAko musikan aditua). Bastidaren esanetan, biek kritika onak egin dizkiete. Beste alde batetik, GARArekin batera salgai jarri diren diskoek sekulako arrakasta izan dute eta hainbat lekutan agortu egin dira.