Naiz.info
París

Erlojuaren kontrako froga bakarra eta mendiko etapen nagusitasuna 2014ko Tourrerako

Tourraren hurrengo edizioak erlojuaren kontrako froga bakarra izango du eta mendiko etapei garrantzia berezia emango zaie. Horien artean, Les Vosgues, Tourmalet eta Hautacamen igoerak. Britainia Handian abiatuko da uztailaren 5ean.

Tourreko 2014ko edizioaren ibilbidea aurkeztu dute gaur Parisen eta berrikuntza batzuk baditu datorren urtean Leedsen abiatuko den lasterketak. 1950eko edizioaz geroztik, lehenengoz erlojuaren kontrako froga bakarra izango du hiru astetako lehia horrek.

Tourreko zuzendari Christian Proudhomme-n arabera, Bergerac eta Périgueux artean 54 kilometrotako bidea izango da erlojuaren kontrako espezialistek beren indarrak neurtzeko izango duten aukera bakarra. «Historikoki erlojuaren aurka kilometro gutxien dituen Tourra izango da hurrengo urtekoa», adierazi du. 

Mota horretako frogek mendiko etapek baino alde handiagoak irekitzen dituzte bere esanetan txirrindularien artean eta, horregatik, ibilbidea «orekatzeko» nahiaz mintzatu da, diziplina bakarreko espezialistak direnei mesede ez egitekotan.

Lehenengo hiru jardunaldiak Britainia Handian egingo ditu tropelak eta, esprinterrentzat aproposa den lehenengo etaparen ondoren, maldan gora jarriko ditu Tourrak bigarren egunetik aurrera txirrindulariak York eta Sheffield arteko bidean. «Britainia Handiko Liège-Bastogne-Liège bat izango da», adierazi du Proudhommek.

Mendiko etapei garrantzia berezia emango die Tourrak eta, berrikuntzen artean, Les Vosgues-eko igoera izango da, «Alpeetako eta Pirinioetako etapak bezain garrantzitsua». Chamrousse, Risoul, l Portet d'Aspet, Portillon, Peyresourde, Pla d'Adet, Hautacam eta Tourmalet daude igoera esanguratsuenen artean.

Azken jardunaldia uztailaren 27an izango da, ohi bezala, Parisko kaleetan.