Naiz.info
Donostia

Garazi Kamiok irabazi du Augustin Zubikarai nobela-beka

‘Orube abandonatuak’ lana hautatu du Xabier Mendiguren, Leire Bilbao eta Ana Urkizak osatutako epaimahaiak «testuaren fintasun psikologikoa eta irudien indarragatik».

Kamiok 2012an aurkeztu zuen ‘Beste norbaiten zapatak’ bere lehenengo liburua. (Lander FDEZ. ARROYABE/ARGAZKI PRESS)
Kamiok 2012an aurkeztu zuen ‘Beste norbaiten zapatak’ bere lehenengo liburua. (Lander FDEZ. ARROYABE/ARGAZKI PRESS)

Bere idazle ibilbidean irabazten duen bigarren saria da Garazi Kamiorentzat (Andoain, 1979). Igartza Saria eskuratu zuen 2011n ‘Gerizpeko panpinak’ proiektuarekin eta urtebete beranduago argitaratu zuen lehenengo liburua sariari esker ‘Beste norbaiten zapatak’ izenburupean.

Augustin Zubikarai nobela-bekaren irabazle izan da kasu honetan, ‘Orube abandonatuak’ egitasmoari esker. Hiru garai desberdinetan, hiru pertsonaia bakartiren historia kontatuko duen nobela izango da.

Xabier Mendiguren, Leire Bilbao eta Ana Urkizak osatutako epaimahaiak «testuaren fintasun psikologikoa eta irudien indarra» azpimarratu ditu.

Elkar argitaletxeak jakitera eman duenez, 35 izan dira guztira aurkeztutako lanak, inoizko kopururik handiena.