Sakabanaketa politikak 56 familia arabarri suposatzen dizkien gastuei aurre egiteko antolatutako Udazkenfest jaialdiaren antolatzaileek agerraldia egin dute gaur, Gasteizko Udalak ekimena debekatzeko hartutako erabakiaren inguruko irakurketa egin eta haren aurrean egongo dutena zehazteko.
Debekuaren aurrean «tamainako erantzuna» emateko gonbitea egin dute, ostegun arratsaldean (19.30ean) Bilbo plazatik abiatuko den «manifestibalean» parte hartzeko deia eginez. Ondoren, gaztetxean kontzertuak izango dira.
«Udazkenfesten ezaugarri izan nahi duten aldarrikapen eta doinuz jantziko» dituztela aurreratu dute.
Datozen egunotan jaialdiaren antolaketan izan diren gastuei aurre egiteko eta laguntza ekonomikoa emateko bideen berri emango dutela jakinarazi dute.
Bestalde, sarrerak erosita zituzten lagunei, erositako gunean pultsera aurkeztuta dirua itzuliko zaiela esan dute antolatzaileek. Internet bidezko erosleekin helbide elektronikoaren bitartez jarriko dira harremanetan.
Era berean, mezu argia igorri dute antolatzaileek: «Gure hasierako asmoa berresten dugu, Udazkenfest ospatu egingo da, ez urriaren 31an, baina gure konpromisoa adierazten dugu honen antolaketan».
«Egungo egoeran elkartasun aktiboaren beharra azpimarratu nahi dugu, azken bisita eta azken kilometroa egin bitartean», gaineratu dute.
Udalaren debekua eta jarrera
Udazkenfest jaialdian lanean ari zirenek azaldu dutenez gaur hasi behar zuten muntaketa lanekin, baina atzo iritsi zaien Javier Maroto PPko kidea buru duen Udalaren debekuaren berri. Lan horri ekitekotan Ertzaintza bidaliko zuela agindu zieten.
Nabarmendu dute argi dagoela galarazpenaren erabakia politikoa dela, Gasteizen baldintza berdintsuetan jaialdi eta ikuskizunak egiten direlako. «Udalaren espazio publikoaren erabilera erraztu edota oztopatu egiten da interes politikoen arabera», salatu dute.