Aitzina aurkeztu dute Baionan, Ipar Euskal Herriko gazte erakunde berria

Gazte Dinamika prozesuaren baitan urte hasieran abiatutako gogoetak gauzatze praktikoa izan du gaur Baionan. Izan ere, ofizialki aurkeztu dute Aitzina, Ipar Euskal Herriko gazte ezkertiar eta abertzaleen antolakunde berria. Egun osoko egitaraua izan dute: bazkaria, jokoak...

NAIZ.INFO|BAIONA|2013/11/02|0 iruzkin
20131102_baiona
Aitzina mugimenduaren bozeramale Koldo Etxegarai. (Gaizka IROZ)

Goizean goizetik Baiona Ttipian hasi den Jeiki Gazte Egunaren unerik gorena arratsaldean iritsi da, Aitzina Ipar Euskal Herriko gazte erakunde berriaren aurkezpenerako ekitaldiarekin.

Joaldunek eman diote hasiera ekitaldiari, eta azken urteotan zehar Ipar Euskal Herrian emandako borroken errepasoa egin ondoren, Filipe Bidartek, Xabi Larraldek eta Ernai antolakundeko Maialen Etxeberriak hartu dute hitza.

Oso txalotuak izan diren hitz hartzeotan, zoriondu egin dituzte Ipar Euskal Herriko gazteak, erakunde berriaren inguruan biltzeko izan duten gaitasuna dela-eta.

«Herria bizi dadin konfidantza berreraiki behar da, egiazko anai-arrebatasuna», adierazi du Bidartek.

Etxeberriak, aldiz, Ernairen izenean esan du «amesten dugun herria gaurdanik eraikitzeko bidelagun aproposa» dela Ipar Euskal Herriko gazte erakunde berria.

Nazioarteko zenbait gazte antolakundetako kideak ere taula gainean izan dira (Katalunia, Kortsika, Kurdistan...).

Ekitaldiak aurrera egin ahala giroa berotzen joan da eta orduan ezagutarazi erakundearen izena eta logoa.

Ondoren, Koldo Etxegaraik hartu du hitza Aitzinaren izenean, eta nabarmendu du Ipar Euskal Herriko gazte, ezkertiar eta abertzaleen topagune izango dela.

Antolakundearen jardunak bost zutabe izango duela azaldu du: euskara, lurraldetasuna, gatazkaren konponbidea, gizon eta emazteen arteko berdintasuna eta langile borroka.

Iluntzeko ekitaldi honetaz gain, egunean zehar beste hainbat ekimen ere izan dituzte Jeiki Gazte Egunean parte hartu duten ehunka gazteek: eztabaidak, kalejira, herri bazkaria eta jokoak.

Egunari 2ZIO, Berri Txarrak, Jim Murple Memorial eta DJ Pone taldeen emango diote bukaera.

LOTURAK