Naiz.info
Bilbo

Fagorren egoerak enpresen itxiera eta langabeziaren igoera ekarriko dituela dio Adegik

Adegiko idazkari nagusi Jose Miguel Ayerzaren ustez, Fagor Etxetresnen egoerak eragina izango du Euskal Herriko hainbat lantegirengan. Itxiera eta langabezia gehiago aurreikusten ditu.

Fagorreko langileek berriki egindako manifestazioa. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Fagorreko langileek berriki egindako manifestazioa. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Ayerza Gipuzkoako enpresen zenbait datuz mintzatu da. Azken urteetan 2.500 lantegi baino gehiago itxi dira, eta 50.000 langabetu sorrarazi ditu horrek. EAEn 7.500 enpresa itxi direla ohartarazi du, eta horrek bultzata 180.000 lagun lanik gabe geratu direla.

Fagor Etxetresnen egoeraren larritasunaz ohartuta, «Gipuzkoako lehenengotako enpresa baten aurrean gaudela» esan du Ayerzak. «Fagorrek emandako datuen arabera, 135 milioi eurotako erosketak egiten zituen Euskadiko hornitzaileen artean, eta 250 milioi eurotakoak Estatukoen artean. Horrek, zalantzarik gabe, enpresa askoren itxiera eta langabeziaren igoera ekarriko ditu», nabarmendu du.

PSEk eta EAJk azken egunetan izan duten hika-mikaz ere mintzatu da Gipuzkoako patronaleko burua. Patxi Lopezen aurreko Gobernuak eta Iñigo Urkulluren egungoak Fagorri emandako diru-laguntzak aurpegiratu dizkiote elkarri iragan asteburuan. «Zentzugabea» deritzo Ayerzak bi alderdien arteko polemika eta egungo krisi egoerara mugatzeko eskatu die.

«1929ko antzeko egoera bizi dugu» Ayerzaren aburuz, «orain arte bizi izan dugun krisialdirik okerrena baita. Ondorioak negatiboak izango dira etorkizunean, batez ere arazoari aurre egiteko gaitasunik izango ez badugu».

«Akordio handiak» lortzeko beharra azpimarratu du, «inork ez baitu aurrera egingo soilik bere baliabideekin». «Akordio handiak behar ditugu langile, enpresa eta alderdi politikoekin. Atzeraldi sakonean murgilduta gaude», ohartarazi du.