Naiz.info
Donostia

Hutsean geratu da markagailua Reala eta Manchesterren aurkako norgehiagokan

Golik ez Anoetan Realak eta Manchesterrek jokatutako partidan. Txuri-urdinek zailtasunak izan dituzte lehen zatian, baina bigarrenean indartsu agertu dira. Berdinketa amaieran. [Xehetasunak hemen]

Golik ez Anoetan Reala eta Manchesterren arteko norgehiagokan. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Golik ez Anoetan Reala eta Manchesterren arteko norgehiagokan. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Manchester Unitedek bere nagusitasuna erakutsi du Anoetan jokatu den norgehiagokaren lehen zatian. Realak zailtasunak izan ditu bere jokoa aurrera atera ahal izateko eta ez du argi gehiegirik izan lehen 45 minutuetan.

Partida, ordea, berpiztu egin da bigarren zatian, Reala gogotsu irten baita zelaira. Britainiarrek ere ez dute mailarik onena erakutsi Anoetan eta norgehiagoka berdintsua izan da, batez ere amaieran.

Polemikarako jokaldirik ere izan da. 69. minutuan penaltia ikusi du epaileak Manchesterren alde eta txartel horia erakutsi dio Markeli. Jokaldia, ordea, ez da bat ere argia izan eta zaletuen haserrea piztu du. Van Persiek jaurti du penaltia baina ez du baloia sareratzea lortu, zutoinaren aurka jo baitu.

Azken minutuetan Fellainik bigarren txartel horia ikusi eta Manchester hamar jokalarirekin geratu da. Aukerak izan ditu Realak, batez ere Xabi Prietoren oinetatik sortutakoak baina donostiarrek ez dute markagailuan aurrea hartzerik izan.

Amaieran golik ez Anoetan eta puntu banaketa bi taldeentzat.

Partidari buruzko informazio osoa, NAIZeko webgune berezian.