Naiz.info
Durango

Hirira zabalduko den ‘Kulturaren Plaza’ izango da Durangoko Azoka

Durangoko Azoka hirira zabalduko da. Landako atzetik pasatzen zen trenbidea lurpean dagoela probestuta, herrigunearekiko konexioa berreskuratuko du. Bi sarrera ere izango ditu, ohikoa, eta bigarrena atzeko aldekoa, baita lema berria ere. Aurten ‘Kulturaren Plaza’ izango da.

Azokako sustatzaile eta eragileak, Landakoko aurkezpenean. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Azokako sustatzaile eta eragileak, Landakoko aurkezpenean. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Durangoko Azokarako prestaketak azken txanpan dira, abenduaren 5ean Landakoko ateak zabaltzen dituen arte. Gaur aurkeztu dituzte aurtengo edizioko zenbait gako. Horietako bat, hiriarekiko konexioa berreskuratzea izango da. Izan ere, urte luzez azokako atzekaldetik igarotzen zen trenbidea oztopo nagusi izan ohi zen herrigunearekiko gerturatze horretan. Aurten, ordea, bertan egindako lanek lur azpira eraman dute trenbidea eta horrek mugak ezabatu ditu.

Azoka ‘Kulturaren Plaza’ izango da aurten eta plaza hori Durango osora zabalduko da. Landako gunetik bertatik ezarriko da konexio hori, ohiko sarrera izateaz gain, herrira begira, atzeko aldean, beste sargune bat izango baitu.

Eta Azokako bi gunek lekualdaketa jasango dute. Ahotsenea Landako atzean ezarriko da eta Irudienea, Zugaza zinemetan.

Ahotseneak sekulako arrakasta izan du aurtengoan ere. Bi egunetan lanak aurkezteko irekitako zerrendak bete egin dira. Hala ere, lekurik gabe geratu diren zenbait taldek Plateruenan izango dute beren txokoa.

Gainontzeko guneen kokapenak bere horretan jarraituko du. Areto Nagusiak eta Kabi@k Landako erakustazoka barruan.

Guneek ibilbidea Saguganbarak, Plateruenak, Ahotseneak, Irudieneak eta Szenatokiak osatzen dute. Batetik bestera ez daude bost minutu oinez.

Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko lehendakariak ez du balorazio ekonomikorik egin, baina gerrikoa estutzeko beharraz mintzatu da. Salmahaien prezioa, esaterako, beste urte betez mantendu egingo da.

Azokaren egitarau osoa hurrengo astean aurkeztuko dute.

Durangoko Azokako SPOTa: