Naiz.info
Bilbo

Galdutzat ematen zen euskarazko lehen filma aurkitu du EHUko ikerlari batek

Galdutzat ematen zen ‘Gure Sor Lekua’ euskarazko lehen filmaren kopia bat aurkitu du EHUko ikerlari den Josu Martinezek. 1956an aurkeztu zen Hazparnen eta André Madrék zuzendu zuen.

‘Gure Sor Lekua’ filmetik hartutako irudi bat. (EHU)
‘Gure Sor Lekua’ filmetik hartutako irudi bat. (EHU)

EHUko Josu Martinez ikerlariak ‘Gure Sor Lekua’, euskaraz egindako lehen filmaren kopia bat aurkitu du. Orain arteko historiografiak apenas aipatu du dokumental hau, guztiz ezezaguna zelako eta hari buruz emandako datu gutxietan euskara izan zitekeen aukerarik aipatu ere egiten ez zelako.

Etxe partikular batean aurkitu zuen kopia Martinezek. Ez dauka soinurik, baina filma euskaraz zela baieztatu dute garaiko prentsako zenbait artikuluk eta lekuko zuzenek.

‘Gure Sor Lekua’ Euskal Herriari buruzko dokumentala da, ordu eta erdiko iraupenekoa eta koloretan egina. 1956an aurkeztu zen Hazparnen André Madré zuzendariaren sorterrian. Egilearen hitzetan, diasporako euskaldunei zuzenduta zegoen, sorlekua ikusiz, haien herrimina arintzeko asmoz. Hitzak Jean Elizalde ‘Zerbitzari’ idazle, apaiz eta euskaltzainarenak dira.

EHUko NOR ikerketa taldearen proiektu baten baitan egindako aurkikuntza izan da.

Orain arte, euskarazko lehen lantzat Gotzon Elortza getxoztarrak zuzendutako lau dokumental hartu dira.