‘Eguberri Umama. Basque Christmas Songs’, jazza eta abesbatza uztartzen dituen diskoa

Juantxo Zeberio Etxetxipiak jazza eta abesbatza uztartzen dituen hirugarren diskoa kaleratu du, ‘Eguberri Umama. Basque Christmas Songs’ izenburupean, 2003an ‘Umama!’ eta 2007an ‘Umama2’ argitaratu ondoren.

Naiz.info|Tolosa|2013/12/10
Verkami_df87ab6460cd6f9f268aaf0211c151f5
Abesbatza, diskoaren grabazioko une batean. (EGUBERRI UMAMA)

Juantxo Zeberio Etxetxipiak ‘Eguberri Umama. Basque Christmas Songs’ lana kaleratu du, jazza eta abesbatza uztartuz osatutako diskoa. Lan hau ‘Umama!’ (2003) eta ‘Umama2’ (2007) diskoen ondoren atera da kalera.

Egitasmoan parte hartu duten musikariak honakoak izan dira: Gonzalo Tejada kontrabaxuan, Mikel Andueza saxoetan, Hasier Oleaga baterian eta Juantxo Zeberio Etxetxipia pianoa eta konposizioetan. Haiekin batera, Sustraien Ahotsa abesbatza (Migel Zeberio da zuzendaria), Lask haurren abesbatza (Tolosa) eta Orkatz Txiki haurren abesbatza (Zegama) aritu dira.

Abeslari bakarlariak, Ainara Ortega, Arantxa Irazusta, Xabier Ormazabal, Elene Arandia eta Jesus Mari Jauregi izan dira, eta Et Incarnatus Orkestrak ere parte hartu du grabazioan, Xabier Zeberio (biolina) eta Iraide Ansorena (perkusioak) musikari gonbidatuekin batera.

Lana kaleratu ondoren, zuzenean aurkezteko txanda da orain. Horrela, datorren ostiralean, abenduaren 13an, Tolosako Leidor Antzokian izango da kontzertuan, 21.00etan; abenduaren 15ean, Hondarribiko Itsas Etxea Antzokian, 19.00etan; eta urtarrilaren 2an, azkenik, Donostiako Antzoki Zaharrean, 20.00etan.